Astra Korrika jaialdia egingo dute asteburuan
·Honela, Astra Gernikentzakok prozesu parte hartzaileari hasiera eman nahi dio
Maiatzaren 10ean Gernikako Udalak Astra eraikina erosi zuen eta eraikinarekin zer egin erabakitzeko ideia txapelketa antolatuko zuela esan zuen. Astra Gernikentzako plataformak «Astra 0 km» izeneko ekimena aurkeztu zuen eta Astra Korrika jaialdia antolatu du gizarteratzeko asmoz.
BILBO
Astra Gernikentzako herri plataformak asteburu honetan izango den Astra Korrika izeneko jaialdia antolatu du. Festa «Astra 0 km» izeneko prozesu parte hartzaileari hasiera emateko lehen urratsa da. Plataformak adierazi zuen «jaialdia kilometroa gizarteratzeko eta talde ezberdinen arteko elkarlana bultzatzeko» erabili nahi dutela.Maiatzaren 10ean Gernikako Udalak Astra armagintza enpresarena izandako eraikina erosi zuen. Gizarte eta kultur erabilera emango ziola zin egin eta horretarako, eraikinaren erabilerarako ideiak proposatzeko txapelketa antolatuko zuela adierazi zuen. «Astra 0 km» ekimena Astra Gernikentzako plataformak proposatutako proiektua da eta Astra Korrika jaialdia prozesu parte hartzaileari hasiera emateko antolatu dute. Festa bihar goizean hasiko da. Hamarretan kale animazioa egongo da herriko kaleetan zehar. Goizean hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera egongo da, hala nola, ume, gazte eta nagusientzako Henna ikastaroa berbereen jaiman. Horretaz gain, herri bazkarira joateko aukera egongo da eta menuarekin txahal errea eta sagardoa eskainiko dituzte. Gau partean, Berri Txarrak, Soziedad Alkoholika eta Huecco taldeek bukaera emango diote festari. Igande goizean umeek egindako marrazkien erakusketa egongo da Astrako eraikinean. 13.30ean Unai Iturriagak eta Etxahun Lekuek bertso saioa eskainiko dute eta Benito Lertxundi izango da gauari amaiera emango diona.
Utzarazte arriskua eta jaia
GARA
SOPELA Urdulizko Gazte Asanbladak jakinarazi du Sopelako Ganebarri gaztetxea «utzarazteko mehatxupean» dagoela. Astearte goizean, abokatuak herriko gaztetxetik irteteko 72 orduko epea ematen dien agindua bidali zien Getxoko Justizia Jauregiak. Ganebarriko kideek mobilizazioetara deitu dute biharko eta larunbaterako, eta aldez aurretik prestatuta zeukaten Koadrila Egunean parte hartzeko dei egin diote Uribe Kostako gazteriari. Bihar ere, Leioako gazteek bertako gaztetxearen lehenengo urteurrena ospatzeko jaia antolatu dute, eta Adikune, Desoreka eta Frida Pipol taldeek joko dute.
|