DONOSTIA
Koldo Gil burlatarrak beste garaipen eder bat lortu du Suitzako Itzuliko seigarren saioan, etapa erregina, bikain irabazita. Helmugan lortutako aldeei esker, probako lidergoa ere eskuratu du, gainera, Saunier Duval taldeko nafarrak. Euskal Bizikletan aurreneko etapa eta sailkapen nagusia irabazi zituen duela aste pare bat eta atzoko lorpenak bere garaipen zerrenda oraindik gehiago aberastu du hasiera benetan okerra izan zuen denboraldian.Iaz Italiako Giroan etapa garaipena lortutako txirrindulariaren atzetik, Jorg Jaksche Wurth taldeko alemaniarra dago sailkapen nagusian 34 segundora eta T-Mobileko Jan Ullrich, bere herrikidea, hirugarren postuan 54ra. Ez dirudi gaurko eta biharko etapa gorabeheratsuetan Gilek arazorik izango duenik aldeari eusteko, baina igandean itzuliari amaiera emango dion 30 kilometroko erlojupekoak, Keizers eta Berna artekoak, arriskuan jar dezake Koldoren elastiko horia.
Mendiko ohiko etapa
Lehen mailako zailtasun bat (Overal) eta maila bereziko bi (Furk eta Albula) gainditu behar izan zituen tropelak 212 kilometroko etapa gogorrean. Ohikoa den moduan, sei txirrindulariz osatutako taldetxoak ihes egin zuen hasi eta berehala. Euskaltel Euskadiko Ruben Perez zaldibartarrarekin batera abiatu ziren Alexandre Moos (Phonak), Michael Rasmussen (Rabobank), Francesco Bellotti (Credit Agricole), Michael Albasini (Liquigas) eta Simon Gerrans (Ag2r).
Eguneko azken mendate amaigabean apurtu zen, ordea, taldetxo hori. Rasmussenek aurrera egin zuen Albulapassen gora, nahiz eta gero makaldiak jo eta Gerrans australiarrak harrapatu zuen. Atzetik Koldo Gil, Jan Ullrich eta Jorg Jaksche heldu ziren, baina boskotea osatu baino lehen multzo horretatik Koldo Gil irten zen gailurrerako bizpahiru kilometroren faltan. Gaina lehen postuan igaro zuen eta helmugarako hamar kilometro falta zirenean Jakscheri 36 segundoko aldea atera zion eta Ullrichi 40koa. Angel Vicioso, Wurth taldeko espainiarra, 2.11ra sartu zen helmugan eta lidergoa galdu zuen Koldo Gilen mesedetan.
Hondok irabazi du Montañeseko
bigarrena
Danilo Hondo Team Lamonta taldeko alemaniarrak irabazi du Circuito Montañes itzuliko bigarren etapa. Hondo izan da azkarrena Santoñako helmugan jokatutako esprintean Bert Echeirlinckx eta Sven Nysen aurretik. Lehen bi etapen ondoren, Graziano Gasparre da probako liderra.
Euskaltel, Kaiku eta Orbea Asturiasen
Gaur hasiko da Oviedon Asturiasko Itzuliaren 50. ekitaldia eta datorren asteartean amaituko da Gijonen bost etapatan banatutako 870 kilometroak bete ostean. Euskaltel, Kaiku eta Orbea dira jarraitu beharreko euskal taldeak eta Igor Astarloa zein Peio Arreitunandia Barloworldekin arituko dira.
Zabelek Ullrich jo du Tourrerako faboritotzat
Erik Zabel Milram taldeko esprinter alemaniarrak Jan Ullrich jo du uztailaren 1ean Estrasburgon hasiko den Tourra irabazteko faborito nagusitzat. Urte askoan Ullrichen taldekide izandakoak TV Movies aldizkariari egindako adierazpenetan «dena ongi joanez gero» berak irabaziko duela dio.