GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-20
Euskal Curriculumaren bideko gazi-gozoak mahai gainean
Euskal Curriculumaren egitasmoa badoa aurrera, nahiz eta oraindik ez duten finkatu noiz jarriko duten martxan. Aurretik lan handia egin beharra dagoela nabarmendu du Sortzen-Ikasbatuaz elkarteak, orain «sukalde lanetan» ari direla. Aurrera txukun jarraitzeko erakunde publikoen laguntza handiagoa behar dutela ere nabarmendu dute.

DONOSTIA

JuanCarlos Aretxabaleta Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko lehendakariak atzo Donostian agertu zuenez, Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumaren proposamenaren edukia barneratzeko eta kontrastatzeko lanean ari dira orain, eta «prozesu parte hartzailearen aldeko apustua» egin dute. Hartara, ahalik eta ikastetxe publiko gehienetara iristeko ahalegina egin dute, horietan proposamenaren edukia bertatik bertara ezagutu eta azter dezaten.

«Horrelako prozesu parte hartzaileak balio handia du, baina bitartekoak ere behar ditu. Finantzazioari dagokionean, egitasmoa sustatzen dugun eragileok orain arte ahalegin pertsonal eta ekonomiko handia egin dugu, baina, duen tamaina eta garrantzia ikusita, erabat beharrezkoa da diru publikoa», esan zuen Aretxabaletak. Zera gaineratu zuen: «Baldintza eskasetan lan egin behar izan dugu, baliabide material eta pertsonal urriekin». Beraz, erakun- de publikoen jarrera «eskasa» izan dela ondorioztatu zuen.

Kritikak kritika, Euskal Curriculumaren ardura duen Isabel Bizkarguenagak kontraste prozesuan ateratako hainbat ondorio mahai gainean jarri zituen. Aurrerapausoak nabarmendu zituen lehenik. «Planteamendu pedagogiko berria eta Euskal Herriaren gaurko eta etorkizuneko beharretara dagoen eskola ereduaren oinarriak definitzen ditu», agertu zuen lehenik. Horrez gain, «pertsonaren bizitza osorako prestakuntza integrala helburu, lortu beharreko trebetasun praktiko eta eduki teorikoak» uztartzen dituela esan zuen. Euskal Curriculumak irakasleen «funtzio hezitzailea» nabarmentzen duela eta hizkuntza eta kultura «modu bateratuan» aztertzen eta proposatzen dituela gaineratu zuen azkenik aurrerapausoei dagokienean.

Proposamena aztertzerakoan trabak edo aldatu beharrekoak ere ikusi dituzte kontraste prozesu horretan. Esaterako, curriculum ofizialetan integratzeko edo osagarri izateko aukeren erreferentzia zuzena egitea ez dute egoki ikusten. «Euskal Curriculumaren definizio fasean gaude eta ez aplikazio fasean, erreferentzia horiek aplikazio fasean egin behar direla uste dugu». Gainera, Euskal Curriculumaren diseinuak egungo hezkuntza eredua kolokan jartzen duenez, «irakasleen formazioa eta material curricular egokiak prestatzea» ezinbestekotzat jotzen dute.

Genero ikuspegiaren aldetik eta diziplina arloen aldetik konpondu beharreko zenbait aspektu ere nabarmendu zituen Bizkarguenagak. Horiek guztiak Euskal Curriculumaren Zuzendaritza Teknikoari helaraziko dizkiete orain, behin-betiko dokumentua egiteko orduan kontuan izan ditzan.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Los partidos catalanes ya están inmersos en la campańa electoral
Kultura
Una carpa para Chomsky en el Miramar
Euskal Herria
Imaz no considera «realista» que en la mesa haya partidos de Ipar Euskal Herria
Ekonomia
La UE reconoce que «el nivel de anchoa es muy bajo»
Ekonomia
Inauguran el primer tramo del gasoducto que abastecerá a ambos lados del Bidasoa
Euskal Herria
Procesados del 18/98 se «plantan» para exigir la suspensión del juicio
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss