Caro (PSN): «Chivite da hobekien ordezka gaitzakeena
IRUÑEA
PSNko afiliatuek ez dute aldez aurreko bozketarik egingo 2007ko hauteskundeetarako hautagaia erabakitzeko, PSOEko zuzendaritzak hala erabaki ostean. Horrek Carlos Chivite idazkari nagusia zerrendaburu ez izateko aukera handitzen du, PSNko buruzagitzak Ferrazekin adostu beharko baitu hautagaia. Alabaina, Nafarroako buruzagiek Chiviteren aldeko apustua mantentzen dute, Antolaketa idazkari Samuel Carok atzo berretsi zuenez.
Hautagaia aukeratzeko prozesu horri «irailean eta urrian helduko» diotela adierazi zion Carok Eferi: «Nahiz eta Nafarroako federazio sozialistak uste duen Carlos Chivite dela hobekien ordezka gaitzakeena».
Ferrazek harturiko erabakia ez dela «inolako trauma» ere azaldu zuen, «nahiz eta afiliatuak nahas ditzakeen estatutuetan jasotako eskubidea delako» aldez aurreko bozketa egitea. «Hau adostasun bidez erabakiko da; alderdiaren onerako, ez daukat zalantzarik horrela izango dela», gehitu zuen.
Nafarroako Gobernuko eledun Alberto Catalanek, berriz, aipatu zuen espero duela PSNko hautagaiak «gauzak argi izatea Nafarroako nortasuna defendatzeko garaian».
|