Mattin Zelanen puntuek lehen titulua eman diote Nafarroa taldeari
·Euskaldunak 12-0 aurreratu ziren markagailuan, baina gero sufritu egin behar izan zuten
NAFARROA 12
SAINT SATURNIN 9
DONIBANE GARAZI
Goi-mailako euskal errugbiarentzat urte bikaina izan da aurtengoa, eta batez ere, denboraldi amaiera, astebetean bi titulu etorri baitira EuskalHerrira. Joan den astean Biarritzek Top 14 bereganatu zuen, eta herenegun, berriz, Nafarroak Liga Federaleko Bigarren Maila. Nafarroa Behereko taldea, gainera, Lehen Mailara igo da, baina igoera horretan, Mauleko taldea ere lagun izango du, zuberotarrek ere lortuta baitute amateurren mailarik gorenean aritzeko txartela.Horrelako finalak ez dira ikusgarriak izaten, eta herenegun jokatutakoa ere ez zen hala izan. Bi taldeek ez zuten arriskurik hartu nahi izan, eta entseguren bat lortzeko aukerak oso gutxi izan zituzten. Dena dela, euskaldunentzat gauzak ezin hobeto hasi ziren. Nafarrek gogor ekin zioten partidari, eta horren ondorioz hasi ziren zigor-kolpeak alde izaten, eta Zelanek, hori-gorrien jaurtitzaileak, hiru lortu zituen hamabigarren minuturako. Partidak ia hasi besterik ez zuen egin, baina euskaldunak 12-0 aurretik ziren. Dena dela, poz horri eutsi ahal izateko sufritzea ere egokitu zitzaien euskaldunei. Saint Saturnin taldekoak apurka-apurka aurrerantz joan ziren markagailua murrizteko asmoarekin, baina hori-gorrien atzealdearekin egiten zuten topo eta hori gainditzea ezinezkoa egiten zitzaien. Oren erdia bete zenean, Deschampsek zigor bat gauzatu zuen, eta 12-3koa jarri zuen markagailuan. Emaitza horrekin joan ziren, gainera, bi taldeak atsedenera. Handik itzuli eta berehala, Saint Saturninek beste zigor bat gauzatu zuen, eta hiru puntura jarri ziren. Hortik aitzinera, estu eta larri aritu ziren Nafarroakoak, eta azkenean partida amaitzeko zortzi minutu falta zirela berdinketa heldu zen. Luzapenaren itzala gero eta gertuago ikusten zenean, Zelanek drop bat egin zuen, eta denboraldiko bigarren titulua bidali zuen Euskal Herrira, Nafarroaren lehenengoa.
|