Aurore MARTIN | Euskal Herria Zuzenean jaialdiko administrazio kontseiluko kidea
«Laborantza Ganberak zikiro biologiko bat eskainiko du jaialdian»
Ekainaren 30etik uztailaren 2ra Idauze-Mendin izanen
den Euskal Herria Zuzenean jaialdiaren xehetasun praktikoak aurkeztu ditu Aurore
Martinek.
Idauze-Mendira ailegatzeko autobusak antolatu dituzue?
Bai, autoa ez hartzeko bi aukera proposatzen ditugu. Bata hiru egunerako txartela hartu dutenentzat, autobusa urririk izanen baita. Beste aukera egun baterako joatea da, goizean abiatu eta gauean bueltatuz; horrek bost euro balioko du.
Nondik abiatuko dira?
Autobus guztiak Hendaiatik abiatuko dira eta bi ibilbide izanen dira. Batek Hendaia, Donibane Lohizune, Senpere, Kanbo, Hazparne, Donapaleu eta Idauze-Mendi bidea egingo du, eta besteak Hendaia, Donibane Lohizune, Biarritz, Angelu, Baiona eta Idauze-Mendi bidea.
Autoz ere joan daiteke?
Bai, usaiako formatua izanen da, aparkalekuak izanen dira eta autoa hiru egunez inolako arazorik gabe uzten ahalko da.
Prebentzio kanpainarik egingo duzue?
Bai, elkarte batzuek prebentzioaren inguruan lan eginen dute eta jaialdian bertan izanen dira preserbatiboak banatzen eta alkohol testak egiten. Elkarte batzuek beren mahaia ezarriko dute eta urtean zehar egiten duten lana aurkeztuko dute.
Elkartasun elkarteen herrixkan egongo dira?
Bai, larunbatean eta igandean izanen da, goizetik arratsera elkarteek beraien mahaiak ezarriko dituzte eta eztabaidak, antzerkiak, foro-antzerkiak, hitzaldiakŠ izanen dira herrixka horretan.
Hitzaldi handi bat ere antolatu duzue.
Hitzaldi nagusietako bat izanen da bai, aurten erabaki dugu bakarra eta handia egitea eta horri garrantzia ematea. Larunbatean izanen da ordu bi eta erdietan jaialdiko gune handi batean. Gonbidatu nagusia Jose Bove izanen da eta konferentziaren gaia “Herrien Europa World Compagnyren kontra” izanen da. Hori jaialdiaren leloa da duela hamar urtetik eta iruditzen zitzaigun parada ona zela aurtengoa horrek zer suposatzen duen azaltzeko. Beste bi gonbidatu ere izanen dira. Zaďnaboou Touré jaialdiak Malin garapenaren inguruan daraman egitasmo bati buruzko bere esperientzia kontatzera etorriko da. Euskal Herriko Laborantza Ganberako Francis Poineau ere han izanen da eta berak azalduko du herri mailan egiten den lana. Pertsona horiek alternatibak posible direla eta jaialdia horretan partaide dela azalduko dute.
Laborantza Ganberak bazkari bat ere antolatuko du.
Bai, igande eguerdian bazkari bat eginen dute. Laborantza Ganberak proposamena egin du bazkari hori kudeatzeko eta zikiro biologiko bat eskainiko du, bertako kideek prestatua. Bazkarian parte hartu nahi dutenek Laborantza Ganberara deitu behar dute bazkarian parte hartzeko. Sarrerak 20 euro balio ditu. Tokian bertan 15 euro izanen da bazkaria.
Zeintzuk dira salmenta tokiak?
Elkar Megadendak, Irulegi Irratia eta Mauleko turismo bulegoa. Sarrerak erreserbatzeko aukerak ere badira Carrefour, Fnac, Virgin eta Leclerc saltokietan.
Zeintzuk dira prezioak?
35 euro hiru egunerako sarrerak eta 15 euro egun baterakoak. Aurretiaz erosteko epea 29an bukatzen da eta gero jaialdian bertan erosi behar dira. 40 euro balioko du hiru egunerako eta 18 euro egun bakoitzerako.
Sistema ekologiko bat ezarri nahi duzue aurten.
Bai, saiatuko gara jendea iristean plastiko gogorrezko edalontziak alokatzen hiru egunez atxikitzeko. Jaialdiak hondakin anitz sortzen du eta beste urrats bat da lurra zaintzearen alde.
Engaiamendu ekologikoaz gain, engaiamendu politikoa ere badu jaialdiak.
Bai, jaialdia Ibaetako Foroko izenpetzailea da eta betidanik presoen gaia segitu dugu. Alde batetik, Euskal Herrian kokatua delako eta bestetik, jaialdiak laguntzaile izan dituen pertsona batzuk gaur preso politikoak direlako. Deialdi berezia egiten dugu larunbateko manifestazioan parte hartzeko.
Euskal departamenduaren alde ere agertzen zarete.
Herri kontsulta plazaratzeko Baterak eramaten duen kanpainan jaialdia partaide da. Gune bat izanen da bertan nahi dutenek izenpetzeko eta sostengua adierazteko.
Jaialdiak laguntzaileen sostengua behar du.
Jaialdia laguntzaileei esker bizi da. Beti izan dugu arazotxo bat jaialdiaren aitzin eta ondotik. Dei egiten dugu hiru egunez lanean aritzeko, baina deialdi berezi bat egin nahi dugu muntatze eta desmuntatze unean laguntzera etortzeko.
Informazio hau guztia non atzeman daiteke?
www.festival-ehz.com webgunean. Hor dena agertzen da. -
|