GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-22
Bi itzultzaile Pio Barojaren liburu bana itzultzen idazlearen mendeurrena delako
Josu Zabaleta eta Koro Navarro izango dira, biak ala biak itzulpen saileko Euskadi saria irabazitako itzultzaileak, «El árbol de la ciencia» eta «Zalacain el aventurero» Barojaren bi nobela ospetsu euskarara ekarriko dituztenak. Koro Navarro Zalakainen abenturak itzuliko dituenak esan zuenez, eleberriaren zati batzuk jatorrian euskarazkoak izaki, berritzuli beharrean izan da. Literatura Unibertsala bilduman argitaratuko dira udazkenean, idazlearen heriotzaren mende erdia ospatzeko.

DONOSTIA

Idazle bati egin diezaiokegun omenaldirik onena bere obrak irakurtzea dela kontuan izanik, Pio Barojaren bi nobela ospetsu itzuliko ditu euskarara Lakuako Kultura Sailak. Dagoeneko lanean ari dira Koro Navarro eta Josu Zabaleta, biak ala biak itzulpenaren saileko Euskadi sariak irabazitakoak. Miren Azkarate Kultura sailburua, Joseba Ossa EIZIEko lehendakaria eta bi itzultzaileak mintzatu ziren udazkenean aterako diren bi liburuez. Bi eleberriok Literatura Unibertsaleko Bildumaren barruan argitaratuko dira.

«Horrelako balorazioak eztabaidaidagarriak badira ere, aditu askoren ustez, ‘El árbol de la ciencia’ Barojaren lan gorenetakoa da, eta ‘Zalacain el aventurero’, euskal gaiez idatzi zuen onena», esan zuen Kultura sailburuak.

Kronika historikoa

Koro Navarrok erantsi zuenez, asko landu den obra da Zalakainena. «Liburu hau kronika historiko moduan irakur daiteke. Agertzen diren lekuak benetakoak dira. Argitalpen batzuetan mapa bat ere ezarri ohi dute Zalakain nondik nora dabilen jakiteko. Bere jaioterria bakarrik, Urbia izenekoa, ez da egiaz existitzen, baina Donibane Garazi da. Bigarren mailako pertsonaia asko ere benetakoak dira, Santa Kruz apaiza esaterako», esan zuen. Iturri onetatik dokumentatu zela gogorarazi zuen Navarrok, aita Serafin Barojaren gerra kronikak baliatu baitzituen. «Garaiaren eta euskal munduaren omenaldi ere bada, beraz. Eta kontaketa epiko gisa irakur daiteke», jarraitu zuen.

Barojaren euskal senaz eta estiloaz ere aritu zen. «Nobela honen zati batzuek euskaraz idatziak behar zuten jatorrizkoan. Pernando Amezketarraren istorio batzuk gaztelaniaz kontatzen ditu. Haiek berreskuratu behar izan ditut eta zati askotan izan dut inpresio hori, esaldi barruko ordenan eta lexikoan ere bai batzuetan», esan zuen. Pertsonaietako batek, Tellagorrik, zakurrari bakarrik egiten dio gaztelaniaz.

Gero eta barojianoagoa

Poliki-poliki adinean aurrera joan ahala, «gero eta barojianoagoa, gero eta ipurterreagoa» bihurtzen ari zela aitortu zuen Josu Zabaletak, eta itzulpena «irakurtzeko beste modu bat» dela esanez definitu zuen. «Bilatu behar ditu jatorrizkoak dituen tranpa guztiak, zer egitura duen, zertarako den hitz bakoitza. Ia-ia doktoradutza bat egiten dugu liburu bakoitzean», esan zuen. Bera itzultzen ari den “El árbol de la ciencia” nobelaz mintzatu zen jarraian. «Barojaren nobela askotan pertsonaia nagusia Baroja bera da eta bere pertsonaia nola egin zuen ikusteko gehien balio duen liburuetako bat da hau. Liburu honetako protagonista Barojaren filosofia da. Bizitzari buruz, gizarteari edo emakumeari buruz duen filosofia agertzen da liburuan», jarraitu zuen.

Nobela oso madrildarra izaki, euskaratzeko orduan dituen zailtasunak ere aipatu zituen. «Arrotza dena bertakotu eta euskarari beste alortxo bat ematen saiatuko naiz», esan zuen Josu Zabaletak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Los arrestados siguen incomunicados en comisarías espańolas y francesas
Mundua
Maragall se inmola ante el altar erigido por La Moncloa tras su acuerdo con CiU
Mundua
Bushek ez du Guantanamoko espetxea ixten presoekin zer egin ez dakielako
Kultura
Serrano mira el mundo a través de la belleza
Kirolak
Una pesadilla conocida regresa a Zurbano
Euskal Herria
ETA afirma que la represión es incompatible con un proceso de paz
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss