Gamesak urteko %15eko hazkundea espero du
GASTEIZ
Gamesa Teknologia Korporazioak 2006-2008 eperako negozio-plana aurkeztu berri du. Horrela, urteko %15eko batez besteko hazkundea aurrez ikusten du Gamesak, batez ere, haize-erroten fabrikazio eta salmenta bultzadan eta haize- parkeen sustapen eta salmentan oinarrituta.
Negozio planaren aurkezpenean esandakoaren arabera, enpresaren helburua «munduko haize-merkatuko buru bihurtzea da, errentagarritasunean ere hobekuntza lortuz». Era berean, Gamesak 2008. urtea hartu du mugatzat eta Erabilitako Kapitalaren gaineko Errentagarritasuna %16ren gainetik finkatu du. Aipatu behar da 2005ean %12koa izan zela. Urteko batez besteko hazkundea, aldiz, %15en ganetik finkatzea aurrez ikusi du.
Epe luzera euren helburuak bete ahal izateko, internazionalizazioarekin batera, Gamesak hiru norabide hartuko dituela argitu zuten atzo. Horrela teknologiara, energia berriztagarrietara eta irtenbide energetikoetara zuzenduko du bere lana ondorengo bi urteetan.
Energia berriztagarrietako enpresa finkatzeari dagokionez, euren esfortzuak, besteak beste, iturri garbien eta bioerregaien ustiapenera bideratuko ditu Gamesak, haize eta eguzki energiako, biomasako eta hidrogenoko ekintzak alde batera utzi gabe.
Energia-irtenbideen inguruan, aldiz, Gamesak garraio eta higikortasun energietarako iturri berrien erabilera industrialen alde egingo du, hidrogenoaren teknologiei lehentasuna emanez. Eta internazionalizazioaren atalaren gainean Estatu espainoletik kanpo lehen industria planta ireki duela esan zuen, Ameriketako Estatu Batuetan zehazki, eta denbora gutxi barru Txinan, Portugalen eta AEBetan bertan planta gehiago irekiko dituela ere gaineratu zuen.
|