Batasunak eskolak euskalduntzeko eskea bere egin du
·Administrazioari exijitu dio herritar guztiei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko
Batasunak, Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainaren bidez, euskal herritarrek egin duten eskariarekin bat egin du. Konpromisoa hartu du eskolak euskalduntzeko lanean, eta Administrazioari dei egin dio euskal herritar guztiek euskaraz bizitzeko duten eskubidea berma dezala eskatzeko.
DONOSTIA
«Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainaren bitartez, 107.768 lagunek Administrazioari kontuak eskatu dizkiote», adierazi zuen Batasunak, eta ikasleak eskolaren bidez euskalduntzeko politika eta neurri eraginkorrak martxan jar ditzala exijitu diotela gaineratu zuen.
Talde abertzalearen iritziz, administrazioen betebeharra da euskararen normalizazioa ekarriko duten politikak erdiestea, eta horretarako, «ezinbesteko tresna da euskaldunduko duen eskola».
Alde horretatik, Marije Fullaondo, Eli Zubiaga eta Mikel Galartza Batasuneko ordezkariek parte hartu zuten agerraldian, eta haiek salatu zutenez, gaur egun administrazio publikoek aplikatu dituzten «politiken ausardia ezaren eta zabarkeriaren eraginez», helburu hori urruti dago. «Datu adierazgarri bat ematearren, orain arteko hezkuntza eta hizkuntza politiken eraginez, hamar ikasletik zazpi euskaldundu gabe irteten da eskoletatik», azaldu zuen, hori bera makina bat eragilek salatu izan dutela esatearekin batera. «Aldarrikapen horren isla herri ekimenak sortutako Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainak eman digu; eta ez nolanahiko isla, gainera», esan zuen. Batasunak ekimenean parte hartu duten eragileak eta herritarrak zoriondu zituen, eta «hondar alea» jartzeko asmoa erakutsi zuen. «Dagoeneko urrats garrantzitsua egina dugu alor horretan, gizarteari aurkeztu berri diogun eta Euskal Herriko eremu administratibo orotara eramango dugun Euskara Berreskuratzeko Legea osatuta, eta oraingoan bereziki hezkuntzaren eremuari lotuta, gure egiten dugu Bai Eskolak Euskalduntzeari kanpainaren bidez forma hartu duen milaka herritarron eskaria», esan zuten.
Bide horretan hezkuntza alorrean eskumenak dituzten administrazio publikoei herritarren aldarrikapena aintzat hartzeko eta, beren ustez, bi norabidetan joan behar duten eta beharrezkoak diren neurri eraginkorrak hartzeko eskatu zien. «Alde batetik, beharrezkoa da herritarrok egindako eskaerari ardura eta borondate politikoz erantzun diezaioten, EuskalHerriko lurralde eremu osoan euskara ofiziala dela aitortzetik hasita; eta, beste alde batetik, euskal herritar guztiok euskaraz bizitzeko dugun eskubidea berma dezatela», azaldu zuten. Azkeneko horretarako, hezkuntzako eta euskalgintzako eragileekin lanean euskal herriko ikasle guztiak euskaldunduko dituzten hezkuntza eta hizkuntza politika eraginkorrak erdiets ditzatela eskatu zien.
Alde horretatik, Euskal Herria Ezkerretik Eraikiz alternatiba politikoan hizkuntza eta hezkuntza politikaren gainean prestatutako proposamenak hezkuntza eta hizkuntza eskubideak bermatzearen alde doazela azaldu zuten eta hori EuskalHerriko gizarteari eskaini zioten. Horietan, besteren artean, hezkuntza integral eta integratuaren premia, euskalduntasunean oinarritua, eleaniztasuna bultzatuko duena eta publikoa eta herritarra aldarrikatzen dute.
|