Segik eta hainbat gaztetxek ere joateko dei egin dute
BILBO
Larunbatean Baionan Ibaetako Foroak euskal errepresaliatu politikoen eskubideen eta partaidetzaren alde egingo duen manifestazio nazionalean parte hartzera deitu zioten Segi gazte erakundeak eta hamabi gaztetxek euskal gizarteari eta, zehazki, euskal gazteriari.Horiek hala, Euskal Herrian prozesu demokratiko bat abian jartzeko Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) eta Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak parte hartzea (EIPK) ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Segi taldeko kideak. «Gatazka demokratiko baten konponbidera bideratu nahi bada, kolektibo biek zuzenean parte hartu behar dute. Ezin dira erabili xantaia politikorako», agertu du gazte erakundeak bidalitako prentsa adierazpen batean. Gainera, asteartean Polizia frantsesak eta espainolak atxilotutako euskal herritarrak direla-eta, larunbateko manifestazioa ere «herri erantzun sendo bat emateko aukera paregabea» dela adierazi zuen. «Euskal Herriak igaro ezin den harresi bat eraiki behar du, eraso hauek guztiak igaro ezin izango dituen harresi herritarra», esan zuen erakundeak. Bestalde, Baiona, Biarritz, Angelu, Garazi, Oztibarre, Hazparne, Azkaine, Uztaritze, Ezpeleta, Itsasu, Donibane Lohizune eta Sarako gaztetxeek ere Baionako manifestaziora deitu zuten. EPPK-k dituen lau mintzakideak onartzea «presoen aldarrikapenak eta konponbiderako prozesuan funtsezkoak diren ekarpenak egin ahal izateko ezinbestekoa» dela ziurtatu zuten guztiek, adostutako agiri batean.
Parte-hartzea, ezinbestekoa Bertan, gatazkaren konponbidean euskal preso politikoek parte hartzea beharrezkoa dela agertu zuten eta, horretarako, Euskal Herrira ekartzeko eskatu zien bi estatuei, baita presoen eskubideak errespetatzeko ere. «Gure atxikimendu osoa ematen diogu euskal preso politikoen eskubideak bermatzea eskatzen duen Ibaeta Foroari, eta presoei gure elkartasuna helarazi nahi diegu», adierazi zuten.
Horiek hala, sakabanaketaz gain, azken urteetan euskal preso politikoen bizi-baldintzak okertuz joan direla ere salatu zuten, baita senideek jasan behar dituzten ondorioak ere.
|