Auzitegi Goren espainolak euskararen aurkako Nafarroako bi lege ezetsi ditu
MADRIL
Nafarroako Foru Gobernuak 2001ean indarrean jarritako euskararen aurkako bi lege bertan behera utzi ditu Estatu espainoleko Auzitegi Gorenak. Euskara Kultur Elkargoari eman dio arrazoia, Nafarroako Gobernuaren nahien aurka. Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 372 foru dekretua eta eremu mistoan euskarari buruzko Jarduera Plana dira deuseztatutako legeak.
EKEk aurkeztutako helegi- teek ahalbidetu dute Auzitegi Gorenaren epaia. Izan ere, bere garaian Nafarroako Auzitegi Nagusiak ere arrazoia eman zion Euskararen Kultur Elkargoari, baina Sanzen Gobernuak Auzitegi Gorenera jo zuen.
Orain, Gorenak kaleratu berri dituen bi epaien arabera, 372 foru dekretua eta Jarduera Plana behin betiko deuseztatuak gelditzen dira. Nafarroako eremu mistoan euskararen erabilera arautzen duen Jarduera Planak jasotzen dituen bereizgarrien artean, esaterako, bideseinaleak daude.
Autobia, autobide eta ohiko errepideetako bide-seinaleak gaztelania hutsean egotetik ele bitan idaztera pasatu behar dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Gaurkotasunezko gaia da bizilagunak etengabe eskatzen ari baitira Done Jakueren bideko seinaleak bi hizkuntzetan jartzeko, eta orain, EKEko kideen ustez, Nafarroako Gobernuak ez du aitzakiarik horretarako.
|