Bai EHren aburuz, EHNAren erabilera gizarteratzen ari da
EHNA egitetik EHNA egunerokotasunean erabiltzeko pausoa gizartean barneratzera pasatzea izan da Bai Euskal Herriari ekimenaren zio nagusia aurten. Erabiltzeko joera errotzen doala ondorioztatu du herri ekimenak, eta horri begira egindako makina bat ekimenen gaineko irakurketa plazaratu du.
DONOSTIA
Euskal Herriko Naziotasun Agiriak, EHNAk, herritarren hitza eta erabakia adierazteko duen tresna izaera, bai eta EHNA erabiltzea bera, gizartean txertatzen doazela ondorioztatu du Bai Euskal Herriari herri ekimenak, 2005-2006ko ikasturteko azterketa osatzean. Mikel Luloaga eta Erruki Ezkurra bozeramaileak izan ziren Donostian egindako prentsaurrekoan, ikasturtean emandako aurrerapauso guztiak zerrendatzen eta aztertzen. EHNA egitetik hura erabiltzea barneratzearren aurtengo ikasturtean jarritako helburuak lortu, eta, gainera, aurrerapauso nabarmena eman duela baieztatu zuen Luloagak. Gainera, hor sakontzen jarraitzeko asmoa berretsi zuen. Horretarako, Bai Euskal Herriari-k EHNAren erabilera sustatzeko eta euskal naziotasunaren perspektiba txertatzeko hainbat euskarri abiarazi ditu. Hala nola, ekimenaren web orrialdea (www.baieuskalherriari.org) edota EHNA erabiltzeko merkataritza-gidak. EHNA erabiltzeko merkataritza-gidei dagokienez, Urolako, Zumarraga-Urretxuko eta Debagoieneko liburuak etxez etxe banatu dituzte dagoeneko alderdi horietan, eta Lea-Artibaiko, Debagoieneko eta Ordiziako liburu-gidak osatze bidean daude une hauetan. Urtean egindako ekimenak ere nabarmendu zituen Mikel Luloagak: EHNA erabili ekimenak eta Naziotasun Eguna.
«EHNA ukatzetik aitortzera» Ekimenei dagokienez, aurtengoa «urte oparoa» izaten ari dela esan zuen Mikel Luloa- gak; izan ere, Irungo Alcampo, Donostiako Mediamarket eta Gasteizko Leroy Merlin saltokiguneetan «EHNA ukatzetik EHNA aitortu eta Euskal Herria onartzera igaro baitira. Eta modu praktikoan lortu da, herritarren eguneroko lanari esker». «Herritarren partaidetzarekin oztopo eta mugak gaindi daitezkeela ikusi da», gaineratu zuen Bai Euskal Herriari-ko bozeramaileak. Naziotasun Eguna ere positibotzat jo zuen, haien ustez tresna gisa duen izaera indartzen baitoa.
|