TKEk gaur egingo du Bilbon ezohiko batzarra
·Zuzendaritza Batzordeak Laredo aurkeztuko du Astilleroren ordezkotzat eta taldeek Isuntza
DONOSTIA
Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) antolatzen duen San Miguel Liga hasteko hiru aste falta direla gauza asko daude oraindik zehazteke. Garrantzitsuena, Astillero zein taldek ordezkatuko duen. Hori dela-eta, TKEko Zuzendaritza Batzordeak ezohiko batzar batera deitu ditu gaur 16.30ean Bilbon egun Elkartea osatzen duten hamaika taldeak, eta bertan saiatuko dira arazoari konponbidea ematen.
Hala ere, ez dirudi adostasunik izango denik. Izan ere, Peter Bravok gidatzen duen Zuzendaritza Taldeak Laredo aurkeztu behar omen du Astilleroren ordezkaritzat. Horretarako, Elkarteko estatutuek diotenari erreparatu diote. Izan ere, horien arabera, Astilleroren lurralde bereko talde batek bete beharko luke hutsune hori, baina araudia ez da guztiz zehatza eta era ezberdinetan uler daiteke. Horretaz gain, Laredo produktua saltzeko interesgarriagoa ei dela argudiatu dute.
Talde gehienek, ostera, Isuntzaren alde egiteko asmoa dute, lekeitiarra TKEn izan delako bere sorreratik, esperientzia baduelako eta beste hautagaia baino ontzi indartsuagoa duelako.
Hala, baliteke gaurkoa bilera luzea izatea. Lehendabizi Zuzendaritza Taldeak bere hautagaia aurkeztuko du Laredo, baina taldeek berenaren alde egingo dute Isuntzaren alde, alegia. Azken orduko aldaketarik egon ezean, ez da inolako adostasunik izango, eta beraz, taldeen hitzak izan beharko luke indar gehien, beraiek baitira Elkarteko protagonista nagusiak.
Gauzak horrela, ez dago batere argi zer gerta daitekeen, baina egunetik egunera gero eta indar gehiago du 2006ko denboraldian uretan hamaika ontzi ikusteko aukerak.
|