Nafarroa eta Maule, urte eder baten ostean, hurrengoa prestatzen ari dira
Nafarroarentzat eta Maulerentzat urte ederra izan da. Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak berriro ere Liga Federaleko Lehen Mailan izango dira heldu den urtean. Balentria ikaragarria da, kontuan hartuta zenbat biztanle bizi diren herri horietan, eta jakinda 300.000 edo 400.000 biztanle dituzten herrietako taldeak izango dituztela aurrez aurre. Nafarroak, gainera, aurten Bigarren Mailako titulua lortu du.
Euskal errugbiarentzat oso urte ona izan da aurtengoa. Biarritzek Top 14a irabazi du, eta Europako Kopako finalean izan da. Avironek Top 14ari eutsi dio, eta Donibane Lohizunek Pro2rako igoera fasea jokatu du. Ohorezko Mailako hiru euskal taldeetatik bik, Getxok eta Ordiziak, mailari eusteko helburua bete dute, eta lesioek, berriz, ez diote Bera Berari tituluren bat lortzen utzi. Nafarroak eta Maulek Liga Federaleko Lehen Mailarako igoera lortu dute, eta Nafarroa Beherekoek, gainera, Liga Federaleko Bigarren Mailako Liga irabazi dute. Nafarroak eta Maulek egindakoak sekulako meritua du. Iaz ere bi taldeak Liga Federaleko Lehen Mailan zeuden, nahiz eta jaitsi egin ziren, eta aurten berriro ere maila horretara igotzea lortu dute. Liga Federaleko Lehen Maila da amateurren maila nagusia. Pro 2 eta Top 14 daude bakarrik gainetik, bi maila profesionalak, alegia. Kategoria hori nolakoa den Maule taldeko presidente Beinat Queyllek daki hobekien: «Errugbi profesionala ezarri bitarte zegoen Lehen Mailarekin konpara dezakegu hau. Urtetik urtera, gainera, gogorragoa da. Mundu guztiko jokalariak datoz Top 14ra eta Pro2ra, eta urte askotan mailarik gorenean aritu diren jokalariek hemen amaitzen dute. Guretzat eta Nafarroarentzat oso gogorra da. Zuberoan 15.000 biztanle besterik ez dira bizi, eta 30.000 Nafarroa Beherean. 300.000 edo 400.000 biztanle bizi diren hirietako talde nagusien aurka neurtu behar dugu», argitu du agintari zuberotarrak.
Helburu ezberdinak
Halere, zuri-gorrien helburua mailaz igotzea zen denboraldi hasieran: «Guk garbi geneukan aurten berriro igo egin behar genuela. Badakigu zaila dela, baina gure nahia Federal 1ean finkatzea da. Gazteetan Frantziako Txapelketa irabazi dugu, eta jokalari gazteak oso onak dauzkagu. Uste dut hor ibil daitezkeela, nahiz eta erraza ez izan», esan du Beinatek. Nafarroaren helburua bestelakoa zen: «Lehen Mailara igotzea ezustea izan da guretzat. Hasieran BigarrenMailari eustea genuen helburu, eta gero, ahal izanez gero, bigarren faserako sailkatzea, baina titulua eta igoera ez genituen espero», azaldu du Lalu Irigaraik, Nafarroa taldeko zuzendaritzako kideak. Denboraldia oso ezberdina izan da bientzat. Maulek bere multzoan lehenengo edo bigarren postuan eman du urte osoa, eta azkenean lehena amaitu du, eta Liga erregularrean lortu du igoera. Nafarroa, aldiz, doi-doi-sailkatu zen bigarren faserako, eta final-laurdenak gainditutakoan lortu dute igoerako txartela. «Gure asmoa igoera zen, eta horretan borrokatu gara. Denboraldi oso gogorra izan da, baina azkenean helburua bete egin dugu. Bigarren faserako motibazio handirik ez zuten jokalariek, egin beharrekoa eginda baitzegoen, eta gainera, nahiko akituta ere bazeuden», esan du Mauleko presidenteak. «Ligari tamaina hartzea dezente kosta zaigu, baina denboraldiaren azkeneko zatira oso indartsu heldu gara, eta horri esker lortu dugu lortu dugun guztia, eta azkenean txapela eta denak izan dira guretzat», esan du Nafarroako ordezkariak. Talde hori berezia da, Garazik eta Baigorrik bat egin baitzuten duela hiru urte. Baigorrik Bigarren Maila galdu zuen, eta Garazik lehenengoa. Beheko mailetan jokalari gutxi zituzten, eta azkenean bi taldeak batu eta bat egitea erabaki zuten. «Ordura arte estu eta larri, baina hor genbiltzan, baina ikusten zen aurrera egitea ezinezkoa zela. Bakarka ezin genuen maila hauetan jarraitu, eta batzea erabaki genuean. Eztabaida asko izan ziren, eta oraindik badaude erabaki horrekin ados ez daudenak, baina orokorrean dena oso ongi doa», nabarmendu Irigaraik. Hori frogatzeko, joan den astean jokatutako finala izan zen: «Hemendik jende asko joan zen, Baigorriko jendea eta Donibane Garazikoa denak bat eginda, denak ziren nafarrak, eta hori zen talde honen helburuetako bat. Egia da garaipenek dena laguntzen dutela, baina jendeak garbi ikusi du Nafarroa Beherean goi-mailan talde bat izan nahi baldin badugu, batuta egin beharko dugula aurrera», esan du zuzendaritzako kideak. Etxeko partidak ere txandaka jokatzen dituzte, bata Donibane Garazin, eta handik hamabost egunera Baigorrin. Maulen ere ez daude zaleekin haserre egoteko moduan, batez beste 2.000 bat ikusle batzen baitituzte etxeko partidetan, eta herri horrek duen biztanle kopurua kontuan hartuta, sekulakoa da. «Zaleek beti erantzuten dute ongi. Hemen errugbirako zaletasun oso handia dago, eta horri eutsi egin nahi diogu, eta uste dut merezi dutela taldea dagoen lekua edukitzea», esan du Beinat Queyllek.
Mailari eustera
Bi taldeek heldu den urterako mailari eusteko asmoa izango dute, eta horretan ahaleginduko dira. Dirua ez dute gehiegi, eta fitxatzeak egiteko ere ez dute aukera handiegirik. «Garbi dago, mailari eustera atera behar dugu. Hortik aurrera zerbait egitea oso zaila izango da. Guk garbi daukagu, dauzkagun jokalariekin egingo dugu aurrera. Fitxatzeren bat egitea ere gustutako litzaiguke, baina oso zaila da. Horregatik, Hego EuskalHerrian ere irakurtzen den komunikabide hau aprobetxatu nahi dut, hango jokalariei deia luzatzeko. Errugbia jarraitzen dugunok badakigu Ohorezko Maila baino dezente indartsuagoa dela Federal 1a, eta honantz etorri nahi dutenei deia luzatu nahi diet. Guk lana eta bizitzeko lekua emango baikenieke, eta gustura hartuko genituzke», aitortu du Queyllek. Nafarroak ere helburu berarekin ekingo dio, eta bertako jokalariekin: «Heldu den urteko Liga oso zaila izango da. Partida asko jokatuko dira, eta maila handiko jokalariak dituzten talde asko daude. Guk ez dugu jokalari berriak ekartzeko dirurik, ezta nahi ere. Uste dut aldagelako giroak ere garrantzi handia duela gu bezalako talde batean, eta hori apurtzerik ez genuke nahi. Horregatik, ekartzekotan ere, baliteke Baiona ingurutik bakarren bat ekartzea, baina gehiagorik ez», adierazi du Irigaraik. Bi taldeak, aurtengoa ahaztu gabe, hurrengoa prestatzen hasita daude.-
MAULE
|