GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-27
XX. mendeko Latinoamerikako artearen erakusketa gaurtik ikusgai Biarritzen
«Latinoamerikako artearen konkista bat» erakusketa gaur hasi eta irailaren 30a arte izanen da Biarrizko Bellevuen. Daniela Chappard Fundazioaren bilduma pribatuan XX. mendeko Latinoamerikako artistarik handienen lanak daude. Bildumako 133 lan aukeratu ditu Maria Elena Ramosek Biarritzera ekartzeko. Arte konstruktibistatik abstraktu garaikidera ikuspegi pedagogikoa ematen du erakusketak, eta publikoak lanak uler ditzan bederatzi ataletan banatu ditu.

BIARRITZ

Konstruktibismotik abstrakzio garaikidera Mexikoko muralismotik edo Brasilgo modernismotik pasatuta; arteari hainbeste korronte artistiko ezberdin ekarri zizkion XX. mendeko artearen ikuspegi ulerterraza eta pedagogikoa aurkeztu nahi izan du Maria Elena Ramos komisarioak, Biarritzen udan ikusi ahal izanen den erakusketan.

Urteetako lanaren ondoren, Bernard Chappard-ek bere fundazioko bilduma pribatuko 133 obra Ameriketatik Europara bidaiatzea onartu du. 55 urtean egiten joan den eta oraindik osatzen jarraitzen duen bilduma horrek Latinoameriko artearen garrantziaren berri ematen du.

12 urtez, Caracaseko Arte Ederretako Museoko zuzendaria izan zen Ramos, eta hark egindako aukeran Latinoamerikako artista handienen lanak ikus daitezke. Uruguaiko Joaquin Torres Garciak edo Francisco Mattok Venezuelako Armando Reveron-ekin eta Jesus Sotorekin partekatzen dute espazioa. Wilfredo Lam kubatarra, Fernando Botero kolonbiarra, Mira Schendel brasildarra eta Leon Ferrari argentinarra izanen dira, besteren artean, Atlantikoaren bestaldeko artearen erakusleak Biarritzen. Ipar Amerikako eta Europako artista nagusien lan batzuek ere tokia dute bertan; Le Corbusier, Serge Poliakoff edo Victor Vasarelyren obrak, esaterako.

Ramosek ikusle europarrei eta kanpoan bizi diren latinoamerikarrei artearen hurbiltze koherente bat azaldu nahi izan die. Erakusketa bederatzi ataletan banatu du eta bakoitzean gaiarekin bat egiten duten lanek artisten ikuspegi eta estiloak agertzen dituzte. «Gorpua eta bere errepresentazioa», «Abstrakzioa eta bere sinboloak» edo «Beltza, zuria, grisa» ataletan, margo eta eskulturen artean margoetatik irten eta eskultura bilakatzen diren artelanak ikus daitezke. Luis Tomaselloren «Objeto plastico nº 134» esate baterako, edo Eduardo Costak 1991. urtean egin zituen «Pinturas volumetricas» lanen artean dagoen kubo beltz bat, adibidez.

Erakusketak XX. mendeko arte konstruktibistari egiten dio erreferentzia hainbat espresabidetan, bereziki Hego Amerikakoan. Hango herrialdeetan, XIX. mendean askatasuna lortu eta geroko garaian forma kolonialistei muzin egin zieten, eta Europako modelo akademikoak hartu zituzten eredutzat. Baina erakusketan ikus daitezkeen ondorengo garaietakoetan, aldiz, artearen mugimendu modernoei bidea ireki zitzaien, eta, aldi berean, tokian tokiko espresabideak atzeman zituzten.

Esate baterako, Mexikoko muralismoa, Brasilgo modernismoa edota Andeetako herrialdeetako indigenismoaren zenbait erakusle aurki daitezke «Latinoamerikako artearen konkista bat» erakusketan. Arte modernoa eta indigenen kultura elkartzearen erakusle da Milton Becerraren «Rallador». Bertan, lehengo tribuek sukaldean erabiltzen zuten tresna baten ikuspegi moderno eta salatzailea egiten du lehen harriak zeuden tokian txanponak ezarrita.

40ko hamarkadan Joaquin Torres-Garciak sortutako Unibersalismo Konstruktiboak izan zuen indarraren adierazle dira bere eskolako zenbait artista, eta haien obrek bat egiten dute maisuaren lanekin.

Arte Garaikidean Europaren eta Ipar Amerikaren arteko elkarlana nabaria da bi norabideetako eraginak islatzen direlako, eta, aldi berean, artista bakoitzaren hizkuntza bereziak guztiz bakarrak egiten ditu obrak.



Katalogoa frantsesez eta gaztelaniaz atera dute
Hego Amerikako artearen munduko pertsona ezagun askok parte hartu dute Daniela Chappard Fundazioak Biarrizko erakusketaren karietara argitaratu duen katalogoan. Caracasko Arte argitaletxeak atera du eta artista eta jakitun askok idatzi dituzten artikuluak agertzen dira erakusketan ikus daitezkeen artelanen argazkien ondoan. Artikulu horiek frantsesez eta gaztelaniaz irakur daitezke. -



Hiesaren kontrako borroka arteari lotzen zaio
BIARRITZ

Lapurdiko kostaldera etorri den arte-erakusketa Daniela Chappard Fundazioaren bildumatik heldu da. Fundazio hori hiesaren kontra borrokan aritzen da bertako presidente Bernard Chappardek alaba gaixotasun horregatik galdu zuenetik. Chappard familiaren betiko pasioa izan zen eta den artea hiesaren kontrako borrokarekin elkartu dute. Dirua biltzeko arte erakusketa eta enkanteak antolatzen dituzte, erakundearen leloarekin bat eginik: artea, hiesa, bizia.

Bernard Chappard-ek Biarritzen atzo egin zituen adierazpenetan hiesaren kontrako borroka izan zen gai nagusia, eta lan horretan Biarritzen lagun gehiago biltzeko esperantza agertu zuen.

Bernard Chappard-ek azaldu zuen erakusketari zentzua Danielak eman diola, harengandik hurbilago bizitzeko era bat baita. Hala ere, nabarmendu zuen erakusketa horretan ez dela alaba gaixotasunarekin lotura zuen pertsona bakarra, Biarritzen ikusgai diren lanen egileetarik bost hiesarengatik zendu baitziren.

Chappard-en aburuz, hiesari buruz mintzatzea nahi eta nahi ezkoa da, eta erakusketa horrek horretarako aukera ekartzen du, arteari begiratuta fundazioaren lanari ere kasu ematen baitzaio. Aldi berean, hiesari buruz mintzatzea garrantzitsua dela nabarmendu zuen Chappard-ek bai gaixoek beren mina partekatu ahal izateko, baita informazioa zabaltzeko nahitaezkoa delako. Sexuaren bitarteko transmisioan egiten dute indarra; izan ere, gai horren inguruko tabuarekin etengabe borrokan ari dira.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna insta al PSOE a que clarifique su posicionamiento
Mundua
Milicianos palestinos piden canjear mujeres y menores presos por el soldado israelí
Ekonomia
Arcelor y Mittal confirman su unión por el beneficio logrado para los accionistas
Kirolak
Galdeano: «Una victoria de etapa sería una forma digna de volver»
Kultura
El Guggenheim muestra la faceta más desconocida de Max Beckmann
Euskal Herria
Los dos empresarios quedan libres pero imputados por «colaboración»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss