GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-06-27
Lekeitio antzara-jokorako taula erraldoi bilakatua
Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdia uztailaren 7tik 9ra izango da aurten. Hamazazpigarren ekitaldia izango den honetarako espresuki sorturiko ekoizpena aurkeztu zuten atzo, Bilbon. «Antzar jokua» du izenburu. Edorta Jimenezek idatzi du gidoia, eta Hortzmuga konpainiak bilakatu du antzezlan. Lekeitiokoa izango da lanaren emanaldi bakarra.

BILBO

Erakustaldi soil bat baino zerbait gehiago izan nahi izan du Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak hastapenetatik. Hala, sormenari bide eman dio eta zapi lan ekoitzi ditu gaur arte. Zortzigarrena uztailaren 9an emango dute lehenengo aldiz, eta Edorta Jimenez idazlearen gidoia du oinarrian.

Jimenez Urdaibaiko Oka Jolasaren ekimenaz mintzo zen duela bi urte. Elkarrizketa hura izan zen proiektu honen abiapuntu, Lekeition, gainera, esanahi berezia hartuko lukeela kontuan hartuta.

Mahai-joko ezagun horretan oinarritutako antzezlana plazaratzeko Hortzmuga konpainiarengana jo zuten Lekeitioko Jaialdiaren antolatzaileek. «Jokoaren kontzeptuarekin lan egiten dugu etengabe», esan zuen atzo Gorka Zero antzezleak. «Joko barik ­jarraitu zuen­ ez dugu kale antzerkia ulertzen».

Edorta Jimenezen, Hortzmugaren eta Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiaren elkarlanaren emaitzak ordu eta erdiko iraupena du. Atea deitzen dioten tokitik abiatu eta herriko plazan bukatuko da, hantxe jarriko baitituzte antzara-joko erraldoi horren taularen azken laukiak.

Kalejira luze eta ikusgarri baten forma hartuko du obrak, eta parte-hartzea bultzatzen du. «Fitxen ordez pertsonak izango ditugu, eta taularen ordez, herri oso bat», azaldu zuen. Jauregi bat, lorategi bat eta, zenbaitetan, txoko ezkutu eta ezezagunak izango dira laukitxoak.

Hogei bat lagunek hartuko dute parte ikuskizunean, antzezle, musikari eta teknikarien artean. Aktore profesionalekin batera talde amateur bat arituko da. Lekeitiar horiek ikastaro batean hezi zituen Hortzmugak duela hilabete batzuk. Musika, berriz, Shanti Basaurik sortu du. Lekeitioko betiko melodiak gaurkotu ditu.

«Idazlearentzat ohorea»

Edorta Jimenezentzat «ohorea» da bere idazki bat antzezlan bilakatua ikustea. Hori adierazi zuen atzo, estreinaldia iragartzeko egin zuten prentsaren aurreko agerraldian. «Fikzioa idazten dugunok ez dugu solaskiderik aurrean, horregatik hau oparia da idazlearentzat, antzerkiak ikuslearekin harreman zuzena izateko aukera ematen duelako», esan zuen.

Mahai-jokoaz ere mintzatu zen. Jolaskideen arteko elkarrizketari bide ematen diola nabarmendu zuen. «Joko iniziatikoa da, arriskuz beterikoa; kartzela, labirintoa, heriotza, bizitza beraren adibidea umeentzat», adierazi zuen.

Edorta Jimenezek azaldu zuen behin bakarrik plazaratuko dutela ikuskizuna. «Behin eta berriz errepikatzen den hainbeste kultura dagoen honetan, aparteko gauzak dauden sentsazioa galtzen da. ‘Antzar jokua’ Lekeition izango direnentzat opari bat da».

Sortzaileen lan-hizkuntza euskara izan bada ere, ikusleen artean turistak izango direla ohartuta, «obra eleaniztuna» aurkeztuko dute, euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa tartekatuko baitituzte eta, «gozamen handiagorako», italiera eta alemanez apunte batzuk. Atearen eta plazaren artean istorio bat kontatuko dute eta hegaztien gripeari edo Lekeitioko antzara jaiari buruzko erreferentziak azalduko dituzte.



Umorea zigortu zutenekoa
Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki Jaialdiak zazpi ekoizpen propio aurkeztu ditu orain artean hainbat antzerkigilerekin. Lehena 1990ean azaldu zuten hondartzan. Markelińek zuzendu zuen hura. «Kalabozoetan amaitu genuen, umoreak ere mugak dituelako, Ertzaintzaren arabera», esan du ImanolAgirre jaialdiaren zuzendari artistikoak. Karlos Panera, Hika, Salitre, Ondalan konpartsa eta La Nave izan dituzte bidelagun Hortzmuga

aurretik. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Batasuna insta al PSOE a que clarifique su posicionamiento
Mundua
Milicianos palestinos piden canjear mujeres y menores presos por el soldado israelí
Ekonomia
Arcelor y Mittal confirman su unión por el beneficio logrado para los accionistas
Kirolak
Galdeano: «Una victoria de etapa sería una forma digna de volver»
Kultura
El Guggenheim muestra la faceta más desconocida de Max Beckmann
Euskal Herria
Los dos empresarios quedan libres pero imputados por «colaboración»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss