DILI
Ekialdeko Timorko lehen ministro Mari Alkatirik dimisioa aurkeztu zuen atzo. Presio handiak jasan ditu, nazioarteko komunitatearen aldetik, Eliza Katolikoaren aldetik eta Xanana Gusmao presidentearen aldetik. Joan den martxotik Timor bizitzen ari zen indarkeria giroaren erruduntzat jo dute horiek. Kale istiluen erantzule egin dute eta opositoreen kontrako gerra zikina bultzatu izana ere leporatu diote, nahiz eta frogarik aurkitu ez duten.
Fretilin Gobernuan dagoen alderdiaren sostengua izan du Alkatirik bere alde, baina kontrakoak indartsuagoak dira eta munduko herrialde pobreenak bizi dituen arazoen petxeroak, azkenean, amore eman du. Gusmao presidenteak gustura hartu du albistea, buruz burukoa berak irabazi baitu.
John Howard Australiako lehen ministroak ere pozik hartu du Alkatiriren dimisioa. Arazoak konponduko dituelakoan dago. Australiak interes ekonomiko handiak ditu Ekialdeko Timorren bertako erregaien gaineko kontrol osoa nahi du baina Alkatiriren gobernatzeko moduak Howarden interesak mugatzen zituen.
Alkatiriren ordezkoa izateko aukera gehienak dituena Anna Pessoa da, egungo lehen ministrordea.
Lehen ministroaren dimisioa eragin duen krisialdia joan den martxoan piztu zen. 600 bat soldaduk, diskriminazioa argudiatuta, greba hasi zuten eta Alkatirik, NBEko aholkulariek gomendatuta, Armadatik kanporatu zituen.
Militarrek protesta kalera eraman zuten eta Dilin, batez ere, istilu gogorrak eragin zituzten. Duela hilabete inguru egoera nabarmen okertu zen eta Gobernuak nazioarteko laguntza eskatu zuen. Atzerriko tropak Ekialdeko Timorrera itzuli ziren.