P olitikariek Euskal Herriarekin eta matxistek bikotearekin daramaten jokabidea pentsamolde beraren emaitza direla dirudi. Matxistak uste du familiako buru bera dela eta bikotea bere mendekoa, eta Espainia eta Frantziako politikariek uste dute Euskal Herria Espainiako eta Frantziako herri bat denez gero, Euskal Herriko buru euren nazioetako burua dela, hots, Madril eta Paris.
Politikariek uste dute Euskal Herria, nazio legez, ez dela existitzen; beraz, ez du eskubiderik (PP). Bigarren mailako entitatea dela ere esaten dute (nazionalitatea-edo); ez da heltzen, bada, kolonia izatera, Montenegroren mailara adibidez; beraz, kolonia mailako erabakiak hartzeko eskubiderik ez du (PSOE). Euskal Herriagatik ezin da preziorik ordaindu (PP/PSOE). Matxistarentzat ere bere bikotea familia mailan ez da existitzen bere buruaren jabe den pertsona legez (txakurraren parekoa-edo). Hortaz, berak ezin du ordaindu inolako preziorik bikoteagatik. Politikariek Euskal Herria bere buruaren jabe egitea ordainketa dela ere uste dute, eurena izanik ondasun bat galtzen baitute libre utzita.
Politikarien ustez, Euskal Herriak ez dauka Espainiatik eta Frantziatik aldentzeko eskubiderik. Aldendu ala ez erabakitzeko ahalmena Frantziak eta Espainiak ematen diotenean izango du eta hori inoiz gertatuko balitz, inolako galerarik barik izan beharko luke. «Ezin da preziorik ordaindu» berea denagatik. Matxistak ere uste du bere bikoteak ez daukala dibortziatzeko eskubiderik eta inoiz hori gertatuko balitz, ezer ordaindu barik izan beharko luke.
Baina matxistari gertatu zaion ezbeharrik handiena emakumeek gizartea bere kontra jarri izana da. Eta gizarteak matxistaren kontrako legeak egin ditu, zeren emakumeek behar bada bai, baina emazteak ez baitu familian inolako eskubiderik, betebeharrak baino.
Beraz, Euskal Herriari falta zaiona emakumeek matxistaren bikotekidearentzat eta sindikatuek langileentzat lortu dutena guk ere geure herriarentzat lortzea da; eta emakumeek eta sindikatuek euren eskubideak borrokaren bidez lortu dituztenez gero, ematen du borrokaren bidez lortu beharko dela herri eskubideak onartzea ere. Legearen babesa ere beharko dute, onartzen ez dituztenen kontra defendatzeko. Hor ere emakumeek, Ahotsak taldearen bidez, eta langileek, sindikatuen bidez, egiteko garrantzitsua bete dezakete.
Hala ere, bide laburrena eta merkeena izango litzateke gizarteak, oro har, gainerako eskubideak lortu dituen moduan, Euskal Herriarentzat herri eskubideak lortzea eta, horrekin batera, matxisten parekoak barik gizarte normalaren pareko politikoak hautatzea.
Zeren onartuko balitz Euskal Herria herri dela eta herri eskubideak eskubide direla, orduan maila berean egongo bailirateke (gizakumea eta emakumea dauden moduan) eta, jada, ez litzateke inolako arazorik egongo eta eskubideak elkarri errespetatzen dizkioten bikoteek bezala adiskidetasunean biziko lirateke. -