BAIONA
Akitanian Abiadura Handiko Trenaren gaineko eztabaida publikoa hastear den mementoan, Akitaniako eta Estatu espainoleko iparraldeko merkataritza ganberetako presidenteak Baionan elkartu ziren atzo, Estatu frantseseko Gobernuak Atlantikoko ibilbidearen alde egin dezan indarra egiteko. Mobilizazio egun horretan, Bilbo, Burgos, Baiona eta Bordeleko merkataritza ganberetako presidenteek AHTren aldeko iritziak agertu zituzten.
Baionako Ganberako presidente Jean-Marie Berckmans-ek aditzera eman zuen ganberen elkarteak 100.000 enpresa baino gehiago ordezkatzen dituela. AHTk garapen ekonomikoa ekarriko lukeela adierazi zuen. Aldi berean, inguruak kezkatzen zituela nabarmendu zuen, eta trenik ezean kamioien hazkundeak dakartzan kalteak aipatu zituen.
Prentsaurrekora bildu ziren merkataritza ganberetako lau presidenteek bat egin zuten Europar Batasunak egitasmo horretarako agindu dituen diru-laguntzak baliatu behar direla, eta horretarako lanek 2010a baino lehen hasi beharko luketela gogorarazi zuten.
Estatu espainoleko iparraldeko ganberetako elkartearen eta Burgosko Ganberaren presidente A.M. Mendez Pozok argi utzi zuen Estatu espainolean AHTko egitasmoek aurrera egiten dutela eta Akitaniako tarteak arazoak ekar ditzakeela penintsula Europarekin Atlantikotik elkartzeko ibilbidean.
Merkataritza Ganberaren kanpoan, ingurumena babestearen aldeko elkarteetako 15 bat kide bildu ziren beren proposamenen berri emateko.