Migrazioen Mundu Foroan parte hartu du Batasunak
Bidean zailtasun ugari topatu baditu ere batez ere aurten hitzordua Estatu espainolean izan delako, Batasunak Migrazioen II. Mundu Foroan parte hartu du joan den asteburuan. Amaieran parte hartzaile guztien artean hitzartutako manifestuan munduan barna dauden milioika etorkin eta errefuxiatuen eskubideen defentsa sutsua egin zuten.
DONOSTIA
Bigarrenez aurten Migrazioen Mundu Foroa izan da, Madrilen, Errefuxiatuen Laguntzarako Batzorde espainolak antolatuta. Horregatik-edo, Bata- sunak zailtasun ugari izan ditu bertan parte hartzeko, nahiz eta azkenean hitzorduan egotea lortu duen. Halere, egonaldia ez da samurra izan, larunbat iluntzean Batasunaren erakusmahaiari eraso egin baitzioten.800 bat elkartek eta mundu osoko 150 herritatik etorritako 3.000 lagunek parte hartu dute foroan. Hausnarketa eta eztabaida ugariren ondoren, foroa bukatzearekin batera manifestu batean adostu ziren parte-hartzaileak. Bertan, munduan barna egun dauden milioika errefuxiatu eta etorkinen eskubideak errespetatzeko beharra berretsi zuten batetik. Horretaz gain, globalizazioak eta Estatu boteretsuenen politikak «desberdintasunak eta gatazkak areagotu egiten dituztela» salatu zuten eta horien aurka jarduteko konpromisoa hartu zuten bide beretik. Batasuneko kideak gustura agertu dira beren parte hartzearekin: «Euskal Herriko testuinguruan migrazioen eta errefuxiatuen errealitatea agertu baitugu», esan zuten. Guztien artean hitzartutako manifestuan bi puntu nabarmendu zituen Batasunak, bat Palestinako batzordeak proposatutakoa eta, bestea, ezker abertzalearen ekarpena. Hartara, «migrazioen fenomenoan parte hartzeko herrien burujabetza behar dela» nabarmendu zuten batetik, eta, bestetik, «arrazoi politikoak direla medio joan diren herritarrek bueltatu egin behar dutela» exijitu zuten.
|