GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Mundua 2006-06-28
«Terrorismoa» epaitzeko nazioarteko Justizia sistema eratzea proposatu dute
Dick Martyren AEBetako inteligentzia zerbitzuen legez kanpoko ekintzei buruzko txostena bere egin zuen atzo Europako Kontseiluko Parlamentuak, eta, «terrorismoaren» kontrako borroka aitzakia hartuta, estatuek giza eskubideak berriro ez urratzeko xedez, delitu mota horiek epaitzeko nazioarteko Justizia sistema eratzea planteatu zuen.

ESTRASBURGO

Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) inteligentzia zerbitzuek Europan egindako legez kanpoko ekintzak berriro ez gertatzeko ebazpen bi onartu zituen atzo Europako Kontseiluko Parlamentuak. Horien arabera, beste herrialde batzuek Europan giza eskubideak berriro ez urratzeko neurriak hartu beharko lituzkete.

«Terrorismoari» aurre egitea aitzakia hartuta, giza eskubideak urratzen dituzte gobernuek eten barik, baina estatuen barruko arazoa denez, inork ez du hori gelditzeko edo zigortzeko ahalmenik. Hori konpontzeko eta «terrorismoa» nazioarteko arazo bihurtu dela aintzat hartuta, delitu mota horiek epaitzeko irizpideak ere nazioartekoak izatea proposatzen du ebazpenetako batek, hau da, «terrorismoaren» gainean nazioarteko Justizia sistema sortzea. Hori egin ezean, delitu horiek egungo Nazioarteko Zigor Auzitegiak epaitzea gomendatzen du.

Horretaz gain, legez kanpo atxilotu dituztenei kalte-ordainak ematea eta AEBei atxiloketen eta bahiketen nazioarteko sarea desegin dezala eskatzea planteatzen du Batzordeak onartutako idatziak.

Atxilotu biren lekukotza

Bozketaren ondoren, Human Rights Watch, Amnesty International eta Tortura Prebenitzeko Elkartea GKEek beste egitasmo sorta bat egin zuten. Estatuetako gobernuek nazioarteko araudia zorrotz betetzea eta aireportuetako kontrolak areagotzea dira horietako batzuk. Modu berean, legez kanpoko ekintzetan parte hartu duten zerbitzu sekretuetako kideak zigortzeko eskatu zuten.

Bestalde, CIAko legez kanpoko atxiloketa eta tortura ustez jasan duten gizon biren lekukotasuna jasotzen duen bideo bat erakutsi zuen Witness GKEak. Jaled el Masri alemaniarrak Kabulgo espetxe batean zegoela itaunketa egin zionak esandakoa azaldu zuen: «Legerik gabeko herrialde batean zaude. Hogei urtez espetxeratu edota lurperatu ahal zaitugu eta inork ez du jakingo».

Binyam Mohamed etiopiarra, ostera, Pakistanen atxilotu zuten, eta egun Guantanamon dago espetxeratuta. Horren anaiak bideoan irakurtzen duen testuak dio Binyam Mohamed eskalpelo batekin behin eta berriro zauritu zutela.

Batzordeko erabakien oinarria Dick Marty Europako Kontseiluko kideak duela hilabete inguru Parisen aurkeztutako txostena da. Zazpi hilabeteko ikerketaren ostean, Martyk salatu zuen CIAk Europako zenbait aireportu erabili zituela «terrorismoarekin» lotutako atxilotuak legez kanpo garraiatzeko. Halaber, Europako ekialdean ­Polonian eta Errumanian­ espetxe sekretuak egon zitezkeen aztarnak aurkitu zituen. Gainera, legez kanpoko ekintza horietan Europako hamalau gobernuren elkarlana edota utzikeria ­kontrolatu ez zituztelako­ egon zela baietsi zuen Marty parlamentariak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La voz de los presos en la Casa de Campo
Euskal Herria
La Policía española detiene a Emilio Castillo en Hondarribia y José Ignacio Elosua en Irun
Euskal Herria
Arzalluz: «Puede llegar el momento en que no acatemos la Constitución»
Euskal Herria
«Apartheid»a salatu dute Elorrioren 650. urtemugan
Euskal Herria
Prozesuak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekotzat jo dute
Euskal Herria
Arizkuren denuncia la «actitud de sabotaje» de la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss