|
|
|
|
|
Prozesuak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekotzat jo dute
Konponbidearen prozesuan euskararen normalizazioa mahai gainean egotea ezinbestekoa dela ohartarazi zuten atzo euskalgintzako 398 pertsona esanguratsuk. Horretarako, lan egiteko konpromisoa agertu zuten, baita prozesuan ekarpenak egitekoa ere. Guztiak Euskarabidea adierazpenean adostu dira izen bera daraman ekimen nazionalaren barruan. Europara ere jotzeko asmoa dute atxikimenduen bila. Adierazpena gizartean zabaltzen hasiko dira orain.
|
BILBO
Konponbiderako prozesu politikoari laguntzeko eta egoera politiko berri honetan euskararen normalizazioa eta hizkuntza eskubideak bermatzearen alde lan egiteko «konpromiso trinkoa» agertu zuten atzo euskalgintzako 398 pertsona esanguratsuk, Kontseiluak abian ja- rritako Euskarabidea ekimenean elkartuta.Euskalgintzari, ekarpenak eginez, konponbiderako prozesuan parte hartzea dagokiola eta prozesu horretan euskara mahai gainean egotea «funtsezkoa» dela nabarmendu dute denen artean hitzartutako adierazpen batean. Horren berri eman zuten Bilbon egindako agerraldian. Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, Maixa Merkabide Euskal Konfederazioko kideak eta Aitziber Sarasola Nafarroako AEK-ko kideak irakurri zuten dokumentua, sinatzaileen ordezkaritza batek lagunduta. «Urte luzetan euskararen alde lan egin dugun bezala, abian den prozesuaren aurrean itxaropentsu agertu nahi dugu eta prozesuak aurrera egin ahala hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen normalizazioa bultzatzeko neurriak ere hitzartzeko aukera politikoak ikusirik, urratuko den bidean gure baliabideen arabera ahaleginak egiteko prest gaude», azaldu zuen Mendigurenek. Adierazpenean lau puntutan adostu dira sinatzaileak. Lehenengoan, «elkarrizketan eta giza eskubideetan oinarritutako prozesuaren aldeko ahaleginetan pausoak emateko» duten «konpromiso trinkoa» adierazten du testuak, eta, baliabide honetan norbanakoek eta gizarte eragileek dagokien protagonismoa izan behar dutela nabarmendu ostean, beren esku dagoen guztia eskaintzeko prest daudela gaineratzen du.
Kanpoko esku-hartzerik gabe «Gatazka gainditzeko konponbidea herri honen eskubide indibidual eta kolektiboetan oinarritu behar da. Horien artean dauden hizkuntza-eskubideak zutarrietako bat dira, norbanakoaren eta hizkuntza komunitatearen bizimodu duina lortzeko ezinbestekoak baitira», adierazi zuten sinatzaileek. Hortaz, bigarren puntuan, «prozesuan euskal herritarrok hartutako erabakiak onartu behar diren neurrian, euskararen normalizazioa Euskal Herri osoan kanpoko esku-hartzerik gabe aurrera eramateko eskubidea» azaltzen du testuak.
Hirugarrenez, hizkuntza gutxitzeari bukaera eman beharra jasotzen da eta «euskararen normalizazioa oztopatzen duten legeriak gainditzeko unea iritsi» dela agertzen du. «Horrexegatik, prozesu politikoak euskararen normalizazioa ahalbi- detzea ezinbestekoa du. Horren alde lan egiteko konpromisoa hartzen dugu», gaineratzen du adierazpenak.Azkenik, prozesuan bere ardura berretsi ostean, «une bakoitzean konponbidearen parte diren eragile bakoitzak dagokion erantzukizun mailari muzin egin gabe joka dezala» es-katzen diete dokumentuaren sinatzaileek.
Sinatzaileak ideologia ezberdinetakoak direla esan dute
BILBO Sinatzaileak «ideologia eta politika ezberdinetakoak» direla nabarmendu zuen Maixa Merkabide Euskal Konfederaziokoak eta horiek guztiek «euskararen normalizazioaren alde lana eskerga» egiten dutela azaldu zuen. Izan ere, sinatzaileen ar-tean ikastetxe eta euskaltegietako zuzendariak daude, kazetariak, hedabideetako zuzendari eta bestelako arduradunak, euskara teknikariak, euskararen aldeko talde ezberdinetako militante kualifikatuak, idazleak, unibertsitateko irakasleak eta kultur industriako eragileak, besteak beste. Europara ere joko dute Atzoko agerraldian, hainbat izan ziren: Behatokiko presidente Paul Bilbao, Gotzon Garate idazlea, Mikel Irastortza EHEko arduraduna, Joxerra Etxebarria AuBko hautetsia Bizkaian, Edurne Brouard AEK-ko kidea, Julen Kaltzada itzultzailea, Olatz Osa Elkar argitaletxeko zuzendaria, Martxelo Otamendi “Berria”ko zuzendaria, Iñaki Lasa Kontseiluko arduraduna, Lazaro Azkune bertsolaritza sustatzai- lea eta Iñigo Santxo abokatua, besteak beste. Adierazpenari atxikitzeko webgunea martxan jarriko dutela azaldu zuen Merkabidek, eta Europan hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten pertsonengana eta erakundetara ere joko dutela jakinarazi zuen.
|
|
|
| |
|
|
|
|
|