«Apartheid»a salatu dute Elorrioren 650. urtemugan
ELORRIO
Atzo udalerria sortu zeneko 650. urtemuga ospatzen zuten Elorrion, eta hitzordurako Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Jose Antonio Ardantza lehendakari ohia izan zituzten gonbidatu gisa, beste agintari batzuen artean.
Nolanahi ere, ospakizunak aldarrikapenari tarte ere egin behar izan zion halabeharrez. Hain zuzen ere, bizilagunek GARAri jakinarazi ziotenez, egitarauari 11.30 inguruan eman behar zioten hasiera, baina goizeko lehen orduetarako Udaletxeko plaza Ertzaintzak hartua zuen, eta hala, bertara gerturatzen zen edozein herritar identifikatu zuten poliziakideek.
Elorrioko Udalean mantentzen duten apartheid egoera gaitzetsiz, 200 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten, independentistei dagozkien eserlekuak dituztenen dimisioak eskatzeko. Ospakizun horretarako ekitaldiak ere Udalak «herritarren parte-hartzerik gabe» prestatu dituela ere salatu zuten.
Berri agentziek azaldu zutenez, agintariei «faxista» deitu zieten herritarrek.
Protestaren harira, Ertzaintzak eraso egin zuen, eta bizilagun bat atxilotuta eraman zuten Durangoko polizia-etxera. Geroago, 14.30 inguruan, aske utzi zuten elorriarra, baina datozen egunotan epaitegira joan beharko duela azaldu zioten.
|