GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-28
Zaborren kopurua %4ean txikitu da Ipar Euskal Herrian
Ipar Euskal Herriko herrien gehiengoa hartzen duen Bil ta Garbi zaborren tratamendurako sindikatu mistoa pozik agertu zen atzo egindako aurreikuspenen gainetik lortu baitute zaborren kopurua txikitzea. Bestalde, sindikatuko presidente Alain Iriartek erakundearen xedeak zeintzuk diren nabarmendu zuen eta otsailetik egin dituzten lanen berri ere eman zuen atzo eskaini prentsaurrekoan.

BAIONA

200 herrik edo 235.000 biztanlek sortzen dituzten 130.000 tona zabor kudeatzen dituen Bil ta Garbi sindikatuak azken hilabete eta urteetako lana aurkeztu zuen atzo. Lan hori bere emaitzak ematen ari dela ere jakinarazi zuen, 2005ean zaborren kopurua %4ko jaitsi baitzen. 2002. urtean 83.000 tona zabor bildu zituen Bil ta Garbik Ipar Euskal Herrian eta Biarnon kudeatzen dituen herrietan eta 2005ean, aldiz, 79.000 tona. Sindikatuaren aurreikuspenetan finkatutako helburua urtero izaten zen hazkundea gelditzea zen, horregatik plazer handiarekin hartu dute zabor kopuruaren jaitsiera.

Birziklatzen diren hondakinen ehunekoak ere gora egin du, %11 eta %12 artekoa izatetik %16ra pasatu baitzen joan den urtean. Emaitza horiek aipatzean sindikatuko presidente Alain Iriartek honakoa esan zuen: «Berri pozgarriak ailegatzen hasi dira, baina ez gara horretan geldituko. Berrerabili eta baliozta daitekeen guztia egin behar da.

Erakundearen helburuak

Zaborren tratamendurako sindikatuak agerian jarri zituen bere bost helburuak horiek indartzeko. Lehenik eta behin, hondakinen ekoizpena etxeetan bertan txikitzea bilatzen dute, eta horretarako konpostatzearen garrantzia nabarmendu zuten. Bigarrenik, egun banatzen eta birziklatzen diren hondakinen kopurua bikoiztea. Zaborretako materia organikoa lurrera berriz itzultzea litzateke hirugarren xedea. Zaborrek egin beharreko bidaien distantziak ahalik eta gehien txikitzea ere bilatzen dute, horrekin CO2ren ekoizpena txikitzeko. Eta azkenik, zamaren bolumena ahalik eta gehien txikitzea berreskuratu ezin den guztia lurperatu aitzin.

Lehenengo hiru xedeak betetzeko sindikatua hainbat ekimen eta programa ari da aurrera eramaten. Esaterako, publizitate kanpainak martxan jartzea gizartea kontzientziatzeko. Orain arte arrakasta handia izan duen konpostatzearen kanpaina sindikatuak hartzen duen lurralde osora irekitzea erabaki dute. Jatorrian hondakinen sorkuntza txikitzeko postontzietan publizitaterik ez jasotzeko eranskailuak ere eginen dituzte.

Besta handietan berrerabiltzen diren edalontziak erabiltzea proposatzen duen Alternatiba elkartea diruz lagunduko du Bil ta Garbik. Uraren sindikatuarekin ere elkarlanean arituko dira, jendeak iturriko ura gehiago edan dezan, hondakinak sortzen dituen botilako ura beharrean. Plastikoa birziklatu ahal izateko Nafarroan egiten ari den ikerketarekin bat egiten du Bil ta Garbi sindikatuak.

Zaborrak botatzen diren guneetan zaborrontzi berezitu gehiago ere ezarriko dituzte, eta pila eta tinta kartutxoak biltzeko ontzi bereziak eskola eta administrazio zentroetan. Hobekien ibiltzen diren bilketetan indar berezia jarriko dute.



«Gutxiago bota dezagun eta banaketa gehiago egin»
Bil ta Garbik gizartea kontzientziatzeko maskota bat eta beraien espirituarekin bat egiten duen «Gutxiago bota dezagun eta banaketa gehiago egin» esaldia sortu ditu. Maskota zaborrontzi berde eta irribarretsu bat da, gerriko batekin estutua, esaldiaren ideia irudiarekin irudikatzeko. Sindikatuak hemendik aurrera bere publizitate eta kontzientziatze kanpaina guztietan logotipo hori erabiliko duela eman du aditzera. -



Uztailaren erdialdean jakinen da egiteko diren hiru zentroen kokalekua

BAIONA

Alain Iriartek atzo berretsi zuen Ipar Euskal Herrian zaborrak tratatzeko eta lurperatzeko hiru zentro eraikiko dituztela. Gizartean zeresan handia eragin duten zentro horien kokalekuaren berri uztailaren erdialdean emango du Bil ta Garbik. Aurretik definitutako tokiez gain beste 20 inguru ere begiratzen ari dira, baina Iriartek nabarmendu zuen aurretik ezarritako egutegia jarraitzen ari direla.

Sindikatuaren batzordeak zentroen kokalekua onartu eta gero emanen diote gizarteari horren berri. Ondoren 18 eta 24 hilabeteko ikerketak egin beharko dituzte. 2009 erdialdean eztabaida publikoa izanen da eta 12 eta 18 hilabeteko lanen ondoren 2010erako aurrez ikusten da eginak izanen direla aipatu hiru hondakindegiak.

Lau zentrotan egingo dute Bil ta Garbik kudeatzen dituen herrien zaborren tratamendua. Hiru egingo dituzten arren, laugarrena Bizi Garbia sindikatuak kudeatzen duen Senpereko Zaluaga lurperatze gunea da. Sindikatuko presidenteak agerian jarri zuen toki guztietako zaborrek tratamendu bera jasoko dutela.

Ekialdean, hau da, Nafarroa Beherea eta Zuberoa litzatekeena gutxi gorabehera, zentro bat ezarriko dute, mistoa izanen dena, bertan egonkortasun mekano-biologikoa eta lurperatzea eginen dute. Urteko 25.000 tonako edukiera izanen du.

Mendebaldeko eremuan beste hiru zentro kokatuko dituzte. Egonkortasun mekano-biologikorako zentroa BABn kokatuko dute, urtero 70.000 tona tratatu ahal izanen ditu eta lau hektareako zabalera izango du. Lurperatze zentro bi izanen dira, bata Senperekoa, urtero 25.000 tona jasoko dituena, eta bestea Hazparne eta Beskoitze inguruan kokatuko dutena, urtero 40.000 tona hartzeko edukiera izanen duena.

Egonkortasun guneetan zaborrak biltzean, duen pisuaren %40 kentzen zaio eta usainak eta urak ere zentroan gelditzen dira. Zentroak eraikin itxiak dira, beraz, usainak eta kutsagarriak izan daitezkeen likidoak bertan biltzen dira. Banaketa mekanikoa ere egiten da, metala, esaterako, beste zaborretatik banatzeko. Horrelako guneen xedea banaketa eta berrerabilpena nagusitzea da benetan berrerabili ezin daitezkeen zaborrak soilik geldi daitezen.

Behin eraikita zentro horien kudeaketa nork eramango duen ez dute oraindik erabaki. Halere, Iriartek ziurtatu zuen erabaki guztien gaineko boterea atxikiko zutela.



Batasunaren ustez, «erraustea ez da irtenbidea, arazoa baizik», eta alternatibak badaude

DONOSTIA

Gipuzkoako Batasuneko ordezkariak prentsaren aurrera agertu ziren atzo joan den ostegunean Donostiako udalbatzan bizi izandako egoeraren erruduna «ez Batasuna ezta Baga Boga ere» ez zirela izan argitzeko, «are gutxiago errausteko plantaren aurkako jarrera azaltzera bertaratu ziren herritarrak». Hartara, «erantzukizun politikoa duten bakarrak herritarrei udalbatzara sartzen ez uztea erabaki zutenak» direla esan zuten, «Odon Elortza alkatea buru zutela».

Talde abertzalearen iritziz, eztabaidaren muina ez dira ez udalbatzako istiluak ez errausteko plantaren kokalekua, eta «gaia desbideratu nahi dutela» gaineratu zuen. «Garrantzitsuena zera da: inongo herri eztabaida eta parte hartzerik gabe gipuzkoarroi Landarbason errausteko planta bat inposatu digutela», adierazi zuen Batasunak.

Bere ustez, «apartheid politikoaz eta ezker abertzalearen bazterketaz baliatzen ari dira beren erabakiak hartzeko». Izan ere, eta nabarmendu zuenez, 2003ko udal hauteskundeetako emaitzak errespetatu izan balira eta ezker abertzalea Donostiako Udalean egongo balitz, «errausteko plantarik ez litzateke jarriko eta herri-galdeketa egin egingo litzateke».

Gauzak horrela, gipuzkoarrei «hitza emateko» eskatu zuen Batasunak, «herri borondatearen aurkako aukera bat indartu baita». Talde horren iritziz, egin diren herri-galdeketak eta inkestek garbi adierazi dute herritarren %65 baino gehiago erraustearen kontra daudela.

Batasunak garbi utzi nahi izan zuen berriz ere egitasmo horren aurka dagoela, «ez delako irtenbidea, arazoa baizik». «Hondakin eta haize isurpen toxikoak eta arriskutsuak sortzen dituzte, matxura arriskutsuak izaten dituzte eta ekonomikoki oso aukera garestia da», argitu zuen. Alternatibak egon badaudela nabarmendu zuen talde abertzaleak eta lehentasunezko lau maila finkatu zituen; «hondakinen sorrera murriztea, ahal dena berrerabiltzea, birziklatzea eta berrerabili ezin dena energia bihurtzen saiatzea». Biometanizazioaren eta konpostatzearen alde ere agertu zen Batasuna, «munduan barna dauden esperientzia desberdinek garbi uzten baitute erraustea baino alternatiba merkeagoak, garbiagoak eta arriskurik gabeak direla».

EAJ eta EAren jarrera ere izan zuten hizpide atzoko agerraldian, eta Gipuzkoa «batzoki handi bat izango balitz bezala» kudeatzen dutela salatu zuten. «Bazterketa politikoa bultzatzeaz gain, herri mugimendutik sortzen den erantzuna mespretxatu eta ez dute aintzat hartzen. Inposizioan oinarritutako eredua elikatzen dute, eskuinekoa eta atzerakoia», kritikatu zuten. Horiek hala, «Gipuzkoak beste eredu bat» behar duela aldarrikatu zuten. «Ezkerretik eraiki behar dugu eta horretarako egitasmo erraldoi guztiak gelditzea eta herri eztabaida martxan jartzea eskatzen dugu», bukatu zuten.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La voz de los presos en la Casa de Campo
Euskal Herria
La Policía espańola detiene a Emilio Castillo en Hondarribia y José Ignacio Elosua en Irun
Euskal Herria
Arzalluz: «Puede llegar el momento en que no acatemos la Constitución»
Euskal Herria
«Apartheid»a salatu dute Elorrioren 650. urtemugan
Euskal Herria
Prozesuak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekotzat jo dute
Euskal Herria
Arizkuren denuncia la «actitud de sabotaje» de la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss