GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-06-28
Ikastolan «akulturaziorik» ez dagoela erabaki du epaitegiak
Otsailean Baionako epaile Florent Szewczyk-ek lau urteko haur bat ikastolatik ateratzeko hartu zen erabakia ezeztatu zuen astelehenean Paueko auzitegiak. Baionako epaileak erabilitako arrazoiak baliogabetu zituen, hots, ikastoletan «akulturazioa» izaten dela, eta, era berean, Seaskak Hezkuntza Nazionalarekin hitzarmena duela nabarmendu zuen.

BAIONA

Otsailean Baionako Familien Aferetako epaile Florent Szewczykek lau urteko Santxo haurra Biarrizko ikastolatik ateratzea erabaki zuen euskarazko zentroetan «akulturazioa» izaten zela argudiatuta. Astelehenean Paueko Helegite Auzitegiak epai hori ezeztatu zuen eta Santxo hurrengo ikasturtean ikastolara bueltatzea erabaki du.

Erabaki hori arrazoitzeko, eta Szewczykek aipatzen zituen «ikastolen heziketa sistemak duen akulturazio arriskuei» dagokienez, Paueko epaileak adierazi zuen Seaskak Hezkuntza Nazionalarekin elkarlanerako hitzarmena sinatua duela. Horregatik «ikastolako hezkuntza eta kultura ikuspegiak ez doazela haurraren interesen kontra».

Haurraren eskolatzearen arazoa epaitegietara ailegatu zen, ikastolara zihoan Santxoren gurasoak banandu zirenean. Aitak orduan haurra ikastolan atxiki nahi izan zuen, baina amak, aldiz, heziketa elebidunera aldatu nahi izan zuen umea. Paueko epaileak duela gutxitik Baionako auzitegian den Szewczyk-i kritika handia egin zion, bere epaian zera adierazi baitu: «Zentzugabekeria da lehen epaileak haurraren eskolatzea etetea, gurasoek lehenago aukeratu zuten bidea jarraitzen zen heinean». Lau urte eta erdi dituen Santxok jadanik bi ikasturte eginak zituen Biarrizko ikastolan eta hasiera-hasieratik bertan gelditzeko nahia adierazi zuen. Beraz, hurrengo ikasturtean bere laguntxoekin bueltatzeko aukera izanen du.

Familia arazo hori euskal kulturaren eta hizkuntzaren alorrean sartu zenean, zeresan handia eragin zuen eta Ikastolen Federazioak publiko egin zuen horren kontrako deklarazio bat. Epai berri horren aurrean, berriz, Seaskako presidenteorde Philippe Aramendi pozik agertu zen atzo.

«Epai horretan ikusten da kontuan hartzen dela 1994tik goiti Hezkuntza Nazionalarekin hitzarmena dugula», baieztatu zuen Aramendik. «Agian horrelako erabakiaren ondorioa izanen da epaileek horrelako diskurtsorik eta iritzirik gehiago ez plazaratzea», gehitu zuen ondoren.

Gizartearen zenbait eremutan ikastolei buruz dauden iritzien gainean honakoa aipatu zuen Aramendik: «Epaiak arrazoia ematen digu, ez gara ilegalizatzaileak eta akulturazioa eragiten dutenak eta gure eredua administratiboki eta juridikoki baieztatzen dute».



Seaskak ez ditu lortu behar zituen lau lanpostuak

BORDELE

Seaskak duela bi aste Paueko Hezkuntza Ikuskaritzan eginiko okupazioaren ondoren atzo Bordeleko errektoretzan lortu zuen hitzorduan ez zuen ezer berririk lortu. «Arrunt ezkorrak izan dira», baieztatu zuen Seaskako presidenteorde Philippe Aramendik. Hurrengo ikasturterako lehen mailarako bi lanpostu, bigarren mailarako beste bi eta ikastoletako zuzendariek lan administratiboetarako denbora gehiago izatea eskatu zuten Seaskako arduradunek eta gurasoek. Aramendik adierazi zuen Ikastolen Federazioak lehen mailako bi lanpostuak bere gain hartzea erabaki duela eta gero Euskararen Erakunde Publikoari eskatuko diotela lanpostuen kostua ordaintzea.

EEPko arduradunak ez ziren atzoko hitzordura joan, nahiz eta Seaskako gurasoek Pauen okupazioa egin zutenean atzoko Bordeleko hitzordura joanen zirela eman zuten aditzera. Euskarazko hezkuntzan irakasleen lanpostuen arazoa konpontzen EEPk lehen urtea du eta hurrengo ikasturteari begira orain arte ez du lan handirik egin. Aramendiren esanetan, «gauza on bakarra» da 2007-2008ko ikasturterako lanpostuak kalkulatzeko metodoak zehazteko Seaskako eta EEPko teknikariek hitzordu bat finkatu dutela. Hori datorren uztailaren 7an izango da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
La voz de los presos en la Casa de Campo
Euskal Herria
La Policía española detiene a Emilio Castillo en Hondarribia y José Ignacio Elosua en Irun
Euskal Herria
Arzalluz: «Puede llegar el momento en que no acatemos la Constitución»
Euskal Herria
«Apartheid»a salatu dute Elorrioren 650. urtemugan
Euskal Herria
Prozesuak euskararen normalizazioa ahalbidetzea ezinbestekotzat jo dute
Euskal Herria
Arizkuren denuncia la «actitud de sabotaje» de la Audiencia Nacional
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss