San Pedro jaiak Araian eta Pasaian
Lautada Bizirik plataforma arduratuko da txupinazoaz
Aguraingo jaien ostean, ondoko Araia herria parranda egiten hasiko da gaurtik aurrera. Gainerako urteekin alderatuta, aurten herri plataforma batek botako du txupinazoa. Alegia, Lautada BIzirik-ek, Ecofuelen aurka gogor lan egiteagatik. Bestalde, ohikoak diren ekimenak izango dira egitarauaren arabera. Adin eta gustu ororentzat zuzenduta daude.
ARAIA
Ecofuel enpresa ezartzearen aurka Lautada Bizirik herri plataformak egindako lana goraipatu nahi dute Araian. Horregatik, gaur arratsaldean, San Pedro jaiei hasiera emango dien txupinazoa botatzeaz arduratuko da. Magia ikuskizuna eta bertako Joselu Anaiak taldearen dantzaldia izango dira, gainera. Patroiaren eguna izateaz gain, erretiratuak omenduko dituzte. Mezaz, mariachiez eta herri bazkariaz gozatzeko aukera izango dute horiek lehenengo zatian. Arratsaldean, pilota partidak eta hainbat musika mota nagusituko dira.
Hurrengo egunean, haurren txanda iritsiko da. Egun osoan, puzgarri eta lantegietan parte hartu ahal izango dute. Gauean, berriz, gazteek umeen lekukoa jasoko dute. Ederki gozatuko dute Sould Breaker Company eta Sioux musika taldeen emanaldiekin. Asteburura begira, adin eta gustu guztietarako ekimenak antolatu dituzte. Larunbatean, egunean, haurrentzako jolasak, hainbat musika mota, pilota partidak eta bertako euskal dantzak izango dira. Afaldu ostean, ohiko danborrada eta Maitana eta Iratxoren dantzaldia iritsiko dira.
Igandean, txistulariak, puzgarriak, meza, Gorriti eta bere animaliak, fanfarrea eta haurren danborrada izatekoak dira. Hurrengo asteburuan, Intuxi auzoak lekukoa jasoko du.
|