Haurrak txupinazoaren eguneko protagonista nagusiak izango dira
PASAIA
Pasai San Pedroko jaien hasiera gertu dago, gaur arratsaldean abiatuko baita bost eguneko egitaraua. Pregoiaren irakurketa eta txupinazoaren jaurtiketa 20.30erako iragartzen du egitarauak, baina aurretik zenbait ekitaldi izango dituzte pasaitarrek, eta horietan haurrak izango dira protagonista nagusiak.
Izan ere, umeek jolasak izango dituzte 17.00etatik aurrera; ordubete geroago merienda prestatuko diete, Aitona aterpean, eta sabela bete ondoren korrika hasteko unea helduko zaie, erraldoien kalejiran, buruhandiek agerraldia egingo baitute. Bestalde, areto futbol txapelketaren finala jokatuko dute 19.00etan, eta 19.00etan meza eta salbea izango dira.
Jaietako lehenengo gaua girotzea O Ruido konpainiari egokitu zaio, eta indarrak gorde behar izango dituzte hurrengo eguneko ekitaldiei aurre egiteko, patroi nagusiaren omenezko egunerako, bihar, adin guztietarako ekintzak prestatu baitituzte.
Herri kirolak, erretiratuen bazkaria, euskal dantzak eta “Aupa Etxebeste” filma kaleko zinema emanaldian izatekoak dira, besteren artean. Bigarren gauari dagokionez, salsa kontzertua proposatzen dute, eta Son del Rio taldeak “Sabor del Caribe” ikuskizuna emango du.
|