GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Jo puntua 2006-07-08
Sonia Gonzalez - Idazlea
Zenbat balio zuen zure etxeak?

Iragarki bat ikusi nuen atzo. Bikote bat ohean, lo hartu baino lehen. Andrea liburua irakurtzen ari da, lasai; gizona, ordea, urduri antzean dabil. "Zer gertatzen zaizu? Kezkatuta zaude?" "Bai. Ez gara hilabete amaierara helduko, hipoteka birritan ezin izan dugu pagatu" "Lasai, konponbidea topatu dut".

Gizona urduri dago, ez ote zaien gertatuko auzokideei gertatutakoa; hipoteka ezin pagatu eta etxe barik gelditu ziren haiek. Andreak, berriz, irtenbidea dauka. Etxearen hipoteka, kotxearen edo kotxeen kredituak, seme-alaben dentista, ikastetxe pribatuak eta ezkontzak pagatzeko ez dago gauza hoberik beste kreditu batean sartzea baino. Beraz, horiek guztiak "batzen" dituen eta "gutxiago" pagatzen duzun mauka itzel horietako bat topatu du. Edozer, baina bizi maila ez dadila jaitsi. Tranquilo, cariño, que no pare el tren de vida este que llevamos. Y si nos bajan la cuota, qué te parece si hacemos una reformas en casa?

Eta orain hasi dira abisatzen, familien zorrak gero eta handiagoak direla, beharbada egoera jasanezinera ere helduko garela. Baina abisuak ez dira norbere onerako, baizik eta ekonomiaren sostengua kolokan dagoelako. Geure onerako balitz, ez ginateke biziko horretara bideratzen eta bultzatzen duen sistema honetan. Jendeari ondo jan diozue burua gero eta gehiago eduki dezan, ontasun bakarra ondasunen arabera neurtu ahal dena dela konbentzitu duzue txiki-txikitatik eta zer, orain eskuetatik joan da? Etxebizitza arazo handia da. Baina orain abisatzen duten horiexei ez zaie axola gure bizi premiekin jolastea. Adreiluaren negozioarekin poltsikoak ondo bete, eta kezka bakarra da betetzen jarraitu ahal izatea, erritmo onean, baina negozioa sekula amaitu ez dadin.

Hala ere, lukurreria eta diru gosea arrazoi nagusiak direla denok jakin arren, ezin den-denaren errua beste bati bota. Eurek tiratu egiten dute, baina guk irentsi ere bai. Esan nahi dut, etxebizitzaren prezioa eskandaluzkoa da, baina gutxi batzuek ahotsa altxatu arren, beste inork ez duela ezer egiten. Ordaindu ezin izango dituzten kredituetan sartu eta isilean onartu. Edo akaso ikusi duzue halako presio sozialik hor zehar, akaso jendeak kalea hartu du, akaso etxe hutsak edo alkateen etxeak okupatzeari ekin diote? Justu kontrakoa. Gaztetxeak indarkeriaz husten dituzte eta inork ez du protestatzen. 40, 60, 80 milioi eskatu etxe batengatik eta ordaindu egiten dute. Beharbada zu barne, irakurle, zenbat balio zuen zure etxeak? Edozer onartzeko prest gauden bitartean, ez da zereginik egongo.


Sonia Gonzalez - Idazlea - Artikulo gehiago [..+]
 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Los zanpantzar hacen frente al Ejército de Israel en Bil’in
Euskal Herria
«El pueblo no se olvida de que sigue en prisión, ese reconocimiento ayuda»
Jendartea
De todo, pero nada grave, en el primer encierro
Kirolak
La velocidad de Martínez de Irujo amarró a Aimar Olaizola en su jaula
Euskal Herria
Batasuna y EA coinciden en defender un «escenario democrático» para el país
Jendartea
Los análisis confirman el primer caso de gripe aviar en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss