GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-08
APAIZAC OBETO espedizioa
Zuhaitz berri bat Ternuarako, gure sustrai zaharren bila
Beothuk, itsasoan idatzita dauden olatuak irakurtzen doa, aurrerantz, eta itsasoko abentura on guztiek premiazkoa duten bezala, erdigunean korapiloa egokitu zaigu, salto handia, Eskozia Berriatik Ternuarako 60 miliako zeharkaldia, Caboteko pasabidea, duela ez askora arte, euskaldunen pasabidea izendatua. Beste aldean Ternuako hegoaldeko lurmuturra, Port aux Basques (I 47 34’ 25’’ - M 59 08’ 22’’), hori bai, oraindik, Euskaldunen portua, izana galdu arren, izena mantentzen duena.

Bidaiaren erdia gainditu berri dugu, eta azken astea nabigazioari dagokionez erabat desatsegina izan da. Aldeko haizeak bultzatu gaituen egun bakarra izan dugu, eta nekez egin dugu aurrera portuz portu. Baina hemen ez da alferrikako egun bakar bat ere joaten, denek dute berea. Aste honetan, gure itsas abenturak ezinbestekoa zuen portuan izan gara: Naufrage Harbour.

Portu honek, ezagutu ditugun beste zenbaiten antzera, ez du herririk atzean. Hondar gorriko hondartza eder batek egiten die harrera olatueri eta lur gorrizko labartxoen gainetik barrualderantz, hemen hain berde berezia duten zelai zabalak hedatzen dira. Labar gainean, egurrezko ohiko etxe koloretsuak, gorriak, urdinak, berdeak...

Erabat bustita iritsi gara, zortzi orduko bidea eta gero, eta labarraren gainean, istorioak behar zuen taberna aurkitu dugu: itsas lanbro artean, te eta kafe lurrun gozoa.

Hemen ohikoak diren egurrezko arrantzale etxolak daude portuaren bueltan eta, portu inguru osoan, aste honetan bertan bukatuko den lobsterraren, miseraren arrantzarako otarre edo kaiola piloak. Etxola horietako batean pasa dugu gaua, baina pasa idatzi dudan lekuan, pairatu jarri beharko nuke. Hemen eltxoak nekaezinak dira, eta ekidinezinak. Ileetan sartzen dira, arropa azpitik, beti inguruan, ziztada zitalekoak dira, tematiak..beste adjektibo bat ez idazteagatik, horrela utziko dut. Egunez eltxoak antzeman ditugun arren, ezin izan dugu aurreikusi gauak zer ekarriko zigun. Argirik gabeko etxolan, baba txikiak eduki ditugu sutan, bi ordutan, aurrez beratzea ahaztuta. Eta etxolako ateak zabalik, ohartu garenerako dena eltxoz beteta genuen. Kanpoan berriz, euria eta haize bortitza. Zeinek atera haiek handik! Gure mantapeetan eta linozko zakuetan sartu gara, erabat, azken ileraino zakuaren barruan. Etxola barnean, eltxo gosetien marabunta entzuten da, zakuaren oihal mehearen beste aldera. Justu-justuan, arnas hartzeko irekiduratxo bat egitera baino ez gara ausartu izan, zakuko babesean. Baina hortik ere haiek barrura, behar izanez gero, azken hagineko enpasteraino. Barruan daude, eta gorputz osoan nabari dira ziztadak. Kanpoko marabuntatik bereiztuta, tarteka bat pasatzen zaizu beheragotik, belarri ondotik eta hegalkadaren zirraratxoa hezurretaraino sartzen zaizu. Honek Naufrage Harbour baino, Pearl Harbour dirudi. Gau osoan apenas egin dugu lorik, eta goizaldera, aurpegiak, hankak, besoak handituta esnatu gara, ez olatuek, ez baleek, ez gainerako animaliatzarrek eragin ez dutena lortu dute eltxo txikiek: ikara.

San Lorenzo ibaiaren bokaletik atera eta New Bronswickko kostaldetik hasita, Prince Edward uhartea iragan eta Eskozia Berriako Cap Breton penintsulako lurmutur honetaraino, porturatu garen herri guztietan jarduera nagusia miseraren arrantza da. Kostaldetik ez oso urrunera, sokaz elkarri lotutako milaka eta milaka, miliatako eta miliatako buia koloretsuko baratzak ikusi ditugu, ekidin ditugu, azken lurmutur honetarako bidean.

Hemen krustazeo honen kiloa ez da hamar eurotik pasatzen, eta gainera munduko goxoena dela diote. Euskal Herriko salneurrietara ohituak gaudenontzat, “tumatxa”. Arrantzaleek lau hilabeteko arrantza denboraldia dute, bi hilabete miserarentzat, eta beste bi crave, txangurroaren moduko karramarro handiarentzat. Aldi berean arraina ere harrapatzen dute tarteka, bakailaoa, hallivooda eta erreboiloa, besteak beste. Portuko bulegoko argazkietan, metro bat zabaleko eta bi metro luzeko erreboiloak ikusi ditugu. Hiruzpalau kiloko hiru bakailao oparitu dizkigute, bezperakoak zirela eta, ez zizkigutela kobratu nahi, pentsa. Cap Bretoneko penintsula honetan, arrantza lau hilabeteak amaituta, neguan, ez dago beste jarduerarik. Ez da industriarik, ez turismorik apenas eta jendea gobernuaren diru laguntzetatik bizi da. Neguan jarduera ekonomikoak izozten dira, uharrekin batera.

Hartzak eta oreinak aske

Naufrage Harbouretik iritsi gara Cap Bretoneko penintsulara, Cheticampera hain zuzen ere. Etxetik gertuago, esaten dugu guk, Cheticampen Parks Kanadak kudeatzen dituen natur parke ugarietako bat dago. Bertako etxola batera eraman gaituzte, parke barruko mendi malkartsu eta basotsuen artean, ezker eskuin baso itxia. Mendi artetik itsasorantz datorren sakonera gutxiko erreka zabal eta harritsua zeharkatu dugu eta baso barrenera sartu. Parke honek Behe Nafarroa osoaren azalera betetzen du. Inguru basati eta eder honetan garai batean indioak ehizan ibiltzen ziren, aske. Haiek ez baina, hartzak eta oreinak libre dabiltza garai batean bezala. Hartza ikusteko badugu halako gogo berezi bat, bidaiari ekin aurretik dakarguna, baina ez dugu behar besteko denborarik izan lehorreko txangoetarako.

Goizean goiz abiatu gara eta eguraldi ederrarekin esnatu eta aspaldiko partez, belak zabalduta doa berriz Beothuk, hego mendebaldeko haizearekin, laupabost korapiloko indarrean. Oihal hezearen usaina hartzen da txalupa barruan eta pixkana-pixkana eguzkiak eta haizeak belak eta gure hezur hezeak lehortzen dituzte. Egun gogorren ondoren, atoian egin beharreko nabigazio ez atseginaren ondoren, Beothukak eta guk sentipen gozoen berreskuratze atsegina bizi dugu. Berriz popan hizketan jardun gara, Albaola elkartearen lanaz, eta proiektuaren ilusioaz eta zailtasunetaz, Euskal Herriak itsas historian duen garrantziaz eta arreta eskasiaz... gazta eta intxaur batzuk jan, Benito, Lete, Laboa, Hertzainak kantatu ditugu berriz,... eta berriz, baleak agertu dira gure bidean, orain arte ez bezala, ia eskuarekin ukitu ahal izateraino. Kareletik bi-hiru metrora jarri zaizkigu eta ukigarria bezain hunkigarria izan da. Bostehun metroko inguruan balea sarda bat izan dugu denboratxo batean eta arnasketaren ur txorrotadak ikusi ditugu nonahi. Galeanok ikusten zuen sumendi txikiz betetako lurraren antzera, ur menditxoz betea agertzen zaigu itsasoa.

Portu estutik sartu eta, berehala, egurrezko etxeak Saint Laurence badia inguruan hedatu dira. Saint Laurence Cap Breton penintsularen muturrean dago, Ternuara begira, baina ikusi gabe. Soziologikoki, Cap Breton interesgarria da benetan. Zenbait herritan, gehiengoa akadiarra da, frantses hiztuna. Gainerako biztanleria, gehiengoa, jatorri eskoziar eta irlandarrekoa da, eta zenbait herritan, eskoletan gaelikoa ere irakasten da. Bitxia. Musika kultura sakona da hemen. Garrantzi handikoa, eskolan ere esaterako. Sustrai keltiarrak bertako moldeak hartu ditu eta eskoziar, irlandar zein akadiarren moldeak.

Pasa garen ia herri guztietan, eta honez gero badira batzuk, egunero dugu kazetarien bisita, prentsa, irrati eta telebista. Gure bidaiaren berri ematen diegu, baina baita gure herriarena ere. Denek dute interes handia. Kanadako irrati nazionalak, adibidez, jarraipen estua egiten dio espedizioari eta elkarrizketa bat baino gehiago egin digute jadanik. “Canadian Geographic” aldizkari ospetsuak ere erreportajea egin du eta eskualdetako egunkarietan portada handiak eskaini dizkigute. Horri guztiari esker, kalean jendeak ezagutu egiten gaitu eta dena da errazago. Lurralde hauetan izaten ari garen harrera gakoa bihurtu da gure espedizioan. Jendearen eskuzabaltasuna, adeitasuna, gure gizartean ezagutu ez dugun neurrietara iristen da, gurekiko bederen. Portura heldu eta ezagutu ahala etxeko ateak ireki dizkiguten familiak, arrantzaleak... bata bestearen atzetik ezagutu ditugu. Gure historia eta istorioak entzun nahi izan dituen jendea, gure kantuak eta kontuak, eta zergatik ez esan, gure arropa gaztigatuen usainak atzera bota ez duen jendea. Horregatik esan daiteke, itsasoan haizeak eramaten gaituen bezala, lurrean jende horrek guztiak ekarri gaituela honaino. Eskuzabaltasuna izeneko haizea aldeko izan dugu bidaia luze honetan eta, aurreiritziak eta mesfidantzak, maratilak eta alarmak, hormigoia eta aluminioa nagusi diren gizarteetan bizi garenontzat, koloretako egurrezko etxeak irakaspen bihurtu dira.

Izan ere, gure arropak, ontzia eta jakiak XVI. mendekoak badira ere, XXI. mendean gabiltza eta XXI. mendeko portuetan eta herrietan lur hartu beharra dugu. Eta mende hartan euskaldun arrantzale haiek bertako indigenekin eta gainerako europarrekin egin zuten bezalaxe, ari gara gu topo egiten oraingoekin.

Ternua dugu aurrean eta espero baino egun gutxiago ditugu mendebaldeko kostaldetik iparrerantz jo eta Labradorrera zeharkatzeko. Kostalde horretan zain ditugu, Port aux Basques, Barratxoa, Antton Portu, Opor portu, Uli zilo, Portu txarra, Balea handia, Amuitz, Miarritz, Ferrol... Ternuako kondaira eta historia, Ternua, ehunka urtetatik gure aro garaikidera arte iraun duen itsas erreferentzia historikoa. Kopletako Ternua, Ternua, lur agor eta idorra, mortu hotza, eremu triste arrotza, animalien herria, desertu izugarria... arrantzale familietako Ternua urruna, hilabeteetako aitaren ausentzia...

Baina ez dugu denbora asko eta irteteko bezperan, Sain Laurenko badia inguruko basoan, zuhaitz bat moztu dugu. Zuhaitz hori zuritu eta portura jaitsi dugu. Han landu eta Beothuken brankako masta txikia kendu eta bi metro eta erdi handiagoa den zuhaitz berria jarri dugu haren lekuan. Orain arteko bela txikiaren, burriketaren lekuan, azalera handiagoko trinketa igo ahal izango dugu haizea lotzeko eta azkarrago joateko. Zuhaitz berri bat daramagu Ternuara, gure sustrai zaharren bila, itsaso honen hondoraino iristen diren sustraien bila.

Mitoa eta egia. Gure txalupan bagoaz, eta laster itsasotik urrunera begiratuta esango dugu: begira, han, ikusten da, Ternua.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Los zanpantzar hacen frente al Ejército de Israel en Bil’in
Euskal Herria
«El pueblo no se olvida de que sigue en prisión, ese reconocimiento ayuda»
Jendartea
De todo, pero nada grave, en el primer encierro
Kirolak
La velocidad de Martínez de Irujo amarró a Aimar Olaizola en su jaula
Euskal Herria
Batasuna y EA coinciden en defender un «escenario democrático» para el país
Jendartea
Los análisis confirman el primer caso de gripe aviar en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss