DONOSTIA
Landarbasoko Auzokideek eta Errenteria-Orereta Bizirik plataformak deituta gaur arratsean egingo duten manifestazioarekin bat egin dute Batasunak eta Ezker Batuak. Lehenak azaldu duenez, alderdia errausketaren aurka dago, irtenbidea baino, arazoa dela uste baitu. «Hondakin eta haize isurketa toxikoak eta arriskutsuak sortzen dituzte, zabortegietan pilatzen dituzte, matxura arriskutsuak izaten dituzte, energia xahutzaileak dira, eta ekonomikoki aukera garestia da», azaldu dute. Beraz, «eztabaida kokapenera eramatea berau desitxuratzea» baino ez dela uste dute. Aldean, gipuzkoarrei hitza emateko eta berau errespetatzeko eskatu zuten. Batasunaren iritziz, bada alternatibarik eta horretarako beharrezkoa da, besteren artean, hondakinen sorrera murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea.
Batasunak salatu duenez, EAJk eta EAk Gipuzkoa nahi duten bezala kudeatzen dute, herritarren parte hartzea baztertuz eta negozio ikuspegitik soilik. Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundian Apartheid politikoa baliatzen ari direla salatu du.
Ezker Batuak ere bat egin du manifestazioarekin, eta, era berean, eskumenak dituzten instituzioei herri galdeketa egiteko eskatu die. Errenteriako EBko zinegotzi Jose Manuel Ferradasek gogorarazi du kontrolik gabeko garapen industrial eta urbanoak Oarsoaldeari herentzia moduan Donibaneko zentral termikoa eta San Marcos zabortegia utzi zizkiola. «Orain aurrera egin nahi dute, eta, besteren artean, Pasaiako superportua, Abiadura Handiko Trena eta Landarbasoko errauste planta azpiegiturak jarri nahi dituzte», azaldu zuen, eta guzti hori herritarrei galdetu gabe egiteko asmoa dagoela gaineratu zuen.
Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundian Ezker Batuko eledun Patxi Coirak alderdien «moral bikoitza» salatu du. «Oreretan errausketaren aurkakoak dira eta Donostian alde bozkatzen dute».
Manifestazioa arratsaldeko 18.30ean abiatuko da Errenteriako udaletxearen paretik.