Espetxeen egoera aztertzeko bisita ukatu diete abokatuei
«Kartzela egunaren» laugarren edizioa egin zuten atzo Baionako abokatuen ordezkariek. Estatu frantsesean kartzeletako bizi baldintzen berri emateko antolatu zuten, baina, abiatu denetik egoerak berdin jarraitzen duela salatu zuten atzo. Halaber, aurten, lehen aldiz Estatu frantseseko kartzelen administrazioak egin ohi zuten espetxeetako bisita ukatu die abokatuei. Jarrera hori ikusita, «Frantzia gisako Estatu demokratikoetan» gardentasun eza salatu zuten.
BAIONA
«Erdi Aroarekin konparatuko bagenu, Estatu frantseseko kartzeletako bizi baldintzak gutxi aurreratu direla ohartuko ginateke», nabarmendu zuten atzo Baionako abokatuen ordezkariek «kartzela egunean». Egun hori duela lau urte bultzatu zuten, hain zuzen ere, espetxeetako egoeren berri emateko eta baldintzak salatzeko. Horretarako, espetxeetara bisita egin ohi zuten. Aurten, sarrera ukatu diete abokatuei: «Baionako espetxeko zuzendariak argi esan digu ez zuela balio etortzeak administrazioak joko horretan ez sartzeko agindua eman baitie».Atzoko eguna, izan ere, OIP kartzelen behatokiak bultzaturiko galdeketarekin lotzea erabaki zuten abokatuek, eta bisita horretan ekimen hori aitzinarazteko asmoa zeukaten. «Galdeketa horrek kartzelen inguruan dabiltzan abokatu, hezitzaile edo beste eragileen iritzia biltzeaz gain, presoak ere ukitu nahi ditu. Administrazioak ekimen horri uko egitea erabaki du. Argi dago erabaki politiko bat dagoela horren gibelean, eta guztiz salagarria da», esan zuten. Gertakari hori ikusita, Joelle Assie abokatuak «giza eskubideen seaska den Frantzia gisako herri demokratiko batean gardentasunik» ez zegoela adierazi zuen.
Duintasun eza Eta, Baionako espetxearen egoera aipatzerakoan, Estatu frantseseko beste kartzela askotan bezala «detentzioko gutxiengo arauak ere» ez zirela errespetatzen azaldu zuen. Okupazio maila %200ekoa zela gogora ekarri orduko, bertan duintasunez bizitzeko eskubidea «eten gabe» urratua zela gaineratu zuten. Egunero dutxatzeko eskubiderik ez, geletan bost edo sei lagun elkartuak, zigor larriak eta arinak hein berean emanak, liburutegia eta kirola egiteko guneak gela berean jarriak: horiek dira Baionako espetxean dituzten bizi baldintzak. «Duintasunak ez du inolako zentzurik kartzela horretan. Gauzak ongi egitekotan Baionako espetxea bera suntsitu beharko genuke, eta beste bat eraiki. Baina, administrazioak egiten duen bezala, eztabaida ukatuz ez da inolaz ere aurrerapenik izanen», gaineratu zuen Daniel Durquetyk. Gehiegizko populazio horren arrazoi nagusia «behin-behineko kartzelaratzearen» sistema hedatzearekin lotu zuten abokatuek. «Gaur egun lege urratze txiki bat egin arren, oso erraz kartzelatua izan zintezke. Errugabetasun printzipioa eten gabe urratua da, ez du inolako zentzurik egungo sisteman», adierazi zuen Durquetyk.
Hori horrela, azken urteotan legean hobekuntzak izan zirela onartu zuten. Adibide gisa, besoko elektronikoaren plantan jartzea aipatu zuten. «Baionan bost jartzekotan zeuden. Baina, jartzeko orduan ez zirela ibiltzen ohartu ziren. Geroztik ez dugu berririk izan. Gauza berriak azaltzen dituzte, baina, aurkezpenetik at laster ohartzen gara ez dela deus egina izan», erran zuen Assiek.Etorkizunari begira abokatuak ezkor azaldu ziren presondegien egoeraren hobetzearekin. «Ondoko urteetan salaketa egun hau egiten jarraitu beharko dugu, argi baita administrazioak ez duela deus egiteko asmorik. Oraindik gutxiago ondoko bi urteetan hauteskundeak heldu baitira», bukatu zuen esaten abokatuak.
|