Tourra Euskal Herrian, euskal izaera aldarrikatzeko arrazoiak
Frantziako Tourra Euskal Herrian izatea kirol ekintza baino gehiago da. Alabaina, Euskal Herriko izaeraren zein euskararen presentzia dela-eta, hainbat kolektibok uste du Tourrak Euskal Herriarekiko behar adinako tamaina ez duela, eta Tour hau Euskal Herriaz «trufatzen» dela adierazi dute.
Euskal Herrian Euskaraz kolektiboa ez da hasiberria Tourrarekin tratuan, eta beti Tourra Euskal Herritik pasa den aldietan lasterketan euskararen presentzia bermatzea bilatu du. Aurten ere, Kanbotik hasiko denez uztailaren 12ko etapa, saiatu dira beren helburuak gauzatzen.«Otsailaren 28an igorri genion EHEtik gutuna zuzendariari. Euskarak Kanbon irtengo den etapan presentzia duina izan dezan beharrezko neurriak har ditzala eskatzeko. Euskalgintza biltzen duen Kontseiluak ere eskaera egin zion, erantzunik jaso ez duena». Batasunak ere prentsaurrekoa eman zuen atzo, Jean Paul Agerre eta Karmele Aierbe mahaikideen ahotik. «2003an Baionan amaitu etapan, Tourrak konpromiso batzuk hartu zituen euskararen presentziaren inguruan, eta Euskal Herria errespetatua izan zedin», azaldu zuten. «Gobernu espainolaren presioaz bertan behera utzi ziren, ordea».
Leblancen ekimena
«Itzuliaren arduradun Leblanc bera izan da Euskal Herrian euskarari presentzia duina emango diotela "saldu" nahi izan diguna. Maiatzeko agerraldian euskara aintzat hartuko zutela esan zuten», adierazi zuen EHEk. «Uztailaren 12ko etapako ibilbidean ikusi dugunagatik, ez da euskararentzat begirunerik izango. Izan ere, seinaleak jartzen hasi dira eta euskararen presentzia anekdotikoa da; "ongi etorri" soilik dago euskaraz. Beste batzuetan hori ere ez. Euskara ez da existitzen». Horiek hala, bi deialdi egin zituzten. Batetik, EHEk hilaren 12an Kanbon egingo duen elkarretaratzera, «Euskara errespetatu. Ofizialtasuna!» leloarekin, goizeko 9.30ean, Errobi kolegioaren aurrean; txirrindulariek izena emateko jarriko den gunera joateko gero. Batasunak ere gogor kritikatu zuen Tourrak Ibarretxerekin egindako bilera; orden publikoko gaia tratatu zuten. «Tourra Euskal Herriaz ‘trufatzen’ da, eta dei egiten dugu euskal herritarrek Euskal Herriaren izaera aldarrikatu dezaten munduaren aitzinean». -
BAIONA
|