GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kirolak > ARRAUNA 2006-07-08
- Zumaia -
Koadrila eta helburuak aldatu dira, ilusioa ez
·Iaz TKE Ligara igotzeko apustu garbia egin ostean, mailari eutsi nahi dio aurten Zumaiak etxeko jendearekin

DONOSTIA

Joan den udan Euskal Ligan sekulako erakustaldia eman eta gero, ilusioz beteta egingo du gaur debuta Zumaiak TKE Ligan, arraunaren lehiaketa indartsuenean. Aita Mari Elkarteak berebiziko ahalegina egin zuen iaz mailaz igotzeko, arraun elkarte batek kontrola ditzakeen arlo guztietan bai behintzat, eta behin helburu hori lortuta, egoera berriari heldu behar izan diote zumaiarrek.

Igoera lortu nahian, punta-puntako koadrila osatu zuen Zumaiak iazko denboraldian, fitxaketa entzutetsuren bat ere eginda, baina TKE Ligari begira egindako talde horretan aldaketa batzuk izan dituzte. Hiru goñitarretatik bik, Luisek eta Arkaitzek, ontzia utzi dute eta horiekin batera beste lau arraunlari joan dira: Angel Etxaniz, Igor Makazaga, Jesus Mari Martin eta Santiago Zabaleta. Zulo horiek betetzeko, bigarren trainerutik zazpi gizonek eman dute jauzia lehen ontzira: Iñaki Elortza, Mikel Etxeberria, Inge Iribar, Mikel Olasagasti, Aritz Salegi, Joseba Urbieta eta Urtzi Zabala.

Aldaketak ikusita eta zumaiarrek TKEn estreinako urtea izango dutela kontuan hartuta, mailari eustea izango da «gorrien» helburu nagusia hastear den denboraldi honetan. Arraunlari gazteen eta esperientzia gehiago dutenen artean oreka polita lortu du Zumaiak. Gainera, arraunlari propio gehien duen trainerua da, eta, beraz, elkarlana zein ilusioa ez zaio faltako taldeari.

Agian, arazo nagusia maila berriari neurria hartzeko lan horretan izango dute Luis Mari Olasagasti «Luxia»k zuzentzen dituen mutilek. Egia esateko, kanpotik ikusita nahiko arraroa egiten da beheko mailan fitxaketa garrantzitsuak egitea gora begiratu ahal izateko, eta behin gora iristean etxeko jendearen alde egitea. Horixe izan da elkartearen apustua, eta orain lortzen dituzten emaitzak aztertu beharko ditugu.

Talde zabala

Etxeko jendearen alde egiteko arrazoietako bat Zumaiak denbora laburrean bere ingurura bildu duen arraunlari kopuru ikaragarria izan daiteke. Bigarren traineruak ere denboraldi aparta egin zuen iaz eta San Pedrok antolatutako estropadan gipuzkoarrek lortutako garaipen bikoitza ­A eta B bi lehiaketetan­ ez dute ahaztu oraindik Zumaia aldeko arraunzale fidelenek.

Talde luzea edukitzeak, adibidez, denboraldia hasterako 21 fitxa eginda izatea ahalbidetu dio Zumaiari, beste talde batzuk 17-18 arraunlari eskasekin dabiltzan bitartean. Badakite uda luzea izango dela eta koadrila zabala nahi du bere esanetara «Luxia»k. Bigarren traineruari dagokionez, Urola Kosta izenpean atera dute ontzia zarauztarrekin batera. Gauzak zer izaten diren, iaz nor baino nor ibili ziren igoeraren bila, aurten antzeko moduan ibiliko dira jaitsiera ekiditeko, baina elkarlanera derrigortuta daude.

Txanda erabat euskalduna igandean

Hondarribia, Urdaibai, Arkote eta Oriok euskaldunen arteko bigarren txanda ikusgarria jokatuko dute bihar Boiroko XVI. banderan. Atzo egin zuten Galiziako herrian aurkezpen ofiziala, eta, bertan, txanden zozketa. Lehen txandan Castro, Mecos, Laredo eta Cabo da Cruz arituko dira eta hirugarren eta azken txandan, berriz, Zumaia, Zarautz, Pasai Donibane eta Pedreña. Boirokoa TKE Ligako bigarren estropada puntuagarria izango da eta 21.000 euro banatuko ditu saritan. Cabo da Cruzek antolatuko du proba eta aurkezpenean Xoxe Deira, Boiroko alkatea, Dores Torrado, kirol-sailburua, Araceli Fernandez, Caboko ordezkaria, eta Salustiano Piñeiro, Grupo Barbanza babeslearen ordezkaria bildu ziren. Estropada eguerdiko hamabietan jokatuko da eta ETBk zuzenean emango du. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Los zanpantzar hacen frente al Ejército de Israel en Bil’in
Euskal Herria
«El pueblo no se olvida de que sigue en prisión, ese reconocimiento ayuda»
Jendartea
De todo, pero nada grave, en el primer encierro
Kirolak
La velocidad de Martínez de Irujo amarró a Aimar Olaizola en su jaula
Euskal Herria
Batasuna y EA coinciden en defender un «escenario democrático» para el país
Jendartea
Los análisis confirman el primer caso de gripe aviar en Euskal Herria
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss