DONOSTIA
Orain dela hiru urte TKE Ligan bizitako esperientzia aberasgarri bezain gogorrak gauza asko aldatu ditu Zarauzko Arraun Elkartean, baina ordutik gehien aldatu dena herriak arraun taldearekin duen identifikazioa da, inolako zalantzarik gabe. Inork gutxik pentsa zezakeen ia txiripaz TKEn sartu zen talde hark edo talde haren oinordekoak zer nolako ilusioa piztuko zuen urte apur batzuk geroago kostaldeko herrian.Kantauriko traineru indartsuenekin arraun egitea zein esker txarrekoa izan daitekeen gogotik ezagutu zuten «gaztetxo» haiek, sekulako hobekuntza egin dute azkeneko bi urteetan. Lagun giroa aitzakiatzat hartuta, herriko gazteek eta Donostiatik etorritako hiruzpalau arraunlarik denboraldi biribila osatu zuten iaz eta, besteren artean, Zierbena edo Ciudad de Santander ontzi boteretsuei aurre hartuz, TKE Ligarako sailkapena lortu zuten.
2003ko esperientziak asko lagundu dio elkarteari denboraldi berria prestatzerako unean ere. Argi zuten taldearen oinarria aldatzea ez zela komeni, horixe izan baita trainerua dagoen lekura eraman duen gakoa. Baina, era berean, arraunaren sekretuak ongi ezagutzen dituzten pare bat «beterano» gehitu nahi izan dituzte ontzira.
Aukeratuak Gabi Larrinaga eta Joxe Mari Intxausti izan dira. Pasai aldean esperientzia handia pilatu duten bi arraunlari dira eta beste potentzia bat emango diete Zarauzko Enbatari. Horiekin batera, Aner Etxart (Hondarribia), Asier Lopez (Arraun Lagunak) eta Unai Luzuriaga dira beste aurpegi berriak.
Beste munduko fitxaketarik egin gabe, talde polita batu dute Antton Illarramendi presidenteak eta haren inguruan dabiltzanek. Izan ere, erabakiak hartzeko moduan ere aitzindariak dira zarauztarrak. TKE Ligan parte hartzeko erabakia edota kanpotik heltzen den arraunlari bakoitzaren izena aldageletan hitz egiten dute kirolari, entrenatzaile eta zuzendaritzako kideek. Horrela bakarrik uler daiteke Enbatak azken urteetan egin duen gorakada eta egiten jarraitu nahi duena.
Hala ere, apala izateak beti kobratzen du bere zerga. Galiziako lehen estropadetan ez dira «Olatxo» eta Lopez egongo lan arazoengatik. Horregatik, eta talde erakargarria eduki arren, jaitsiera ekiditea izango da zarauztarren helburua. Gainera, estropada bikoitza izango dute etxean!