GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria 2006-07-16
Julen Murgoitio
EAJ

Sutan jartzean probatzen da zelakoa den eltzea. Horrelaxe bota zuen bertsolariak aspaldiko plazan. Orain handiko iragana, duda izpirik gabe. Begira errauste planten kokapenarekin egunotan gertatzen ari dena. Udal batzar askok, apartheida apartheid, erraustu nahi bai, buruz eta bihotzez erraustu nahi ere, suak hondakin zikinak modernitate garbiaren bidean sartzen dituelakoan, baina ez bere udalerrian erraustu! eta ez inguruko udalerrietako bazter hurbiletan ere!. Ez horixe, gero!. Hondakinak sutan jartzean probatzen da zelakoa den udaletxea. Bertsolariak plazan agertu zuen planta ezin dute, ezta hurrik eman ere, udal batzarrok agertu, besteak beste sekula ez direlako plazara agertzen; nahi duten planta bakarra erraustekoa da, baina handik urrun beti ere. Badaezpada. Baina zelan ulertu hori? Akaso ez da erraustea hondakinek merezi duten trataera egokiena, garbiena, osasungarriena, iraunkorrena, merkeena, teknologikoena, ekologikoena?. Eta esku-hartzaileena ere esan lezakete, honetan sikiera, azken batez guztiok sortzen ditugu hondakinak eta gauero izkinara eskuz hartuta jaisten ditugu!. Ez al da, bada, erraustea ezin hobetuzko trataera? Orduan zergatik Ez Alboko Jardinean ­EAJ- jarrera hori?. Egia esan, hainbeste bider entzunda, handik, hortik eta hemendik, batere alde txarrik ez duen erraustearen alde onak eta on-onak, behin baino gehiago barneratu zait gogoa hurrengo berraragiztatzean, horretarako aukerarik izatekotan behintzat!, ni neu zaborra jaiotzekoa.

Hau poza hartuko nukeena! Imajinatu ere ezin dut egin, saiatuta ere!. Nire bizitza berriaren hastapenetan hantxe, harro-harro, Eroski saltoki ezin handiagoko apalategi luze batean, zutunik, nire hamaika klonen batera errenkadan, erosleari ikuspegirik ederrena eskaintzen, erakartzen, neure bilontzi lana bete eta biltzen dudan izen handiko lurringaiari babes-ontzia ematen; ni ikusi, eskuan laztandu eta bere eroski-orgara sartuko nauen eroslearen zain, irrikitan. Merezi du apalategiko bizipenak, bai poza gero!

Bizitzaren hurrengoa eroslearen etxean da, denboraz saltokikoa baino motzagoa, egun bat besterik ez. Etxera heldu eta nik babestua bainugelako apalategian laztanez utzita, lehen erosle eta orain jabe denak ni eskutan estutu, batere laztanik gabe, eta dzast! hiru metrotik zabor-poltsara bota, saskiratze hirukoitza moduko di-da batean; eta ez pentsa, altueraz metro eta erdira ozta-ozta heltzen zen jabea! Tira, eguerdian sukaldeko poltsara bota eta gauerako kaleko izkinako zakarrontzian, bai motza nire jabearen etxeko bizipena! Orain gutxira arte ni neu izan ontzi eta hona hemen ontzi baten barruan nagoela orain, lurringai eginda bai, baina ez orain arte nik babestuaren modukoa, jakina! Baina pozik dena dela; zelan pozik egon ez bihar errauste plantara eraman eta nire bizitzaren azkenak bero-bero emango ditudala jakinda? Are gehiago, Eroskiko nire apalategia eta neure jabe izan zenaren bainugela bisitatzeko aukera izango dudala jakinda, hori bai watt eginda! Zaborra nahi dut jaio eta bizi. Zergatik, orduan, EAJ jarrera hori?. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Los procesados inician mañana un ayuno de tres días para exigir la paralización del juicio
Euskal Herria
La dirección de EA sigue dividida sobre la reedición de la coalición con el PNV
Euskal Herria
¿Ser o no ser?, una gran decisión para el XX aniversario del partido
Jendartea
En Mutriku, la acuicultura sí tiene quien la quiera
Kultura
«Tengo 80 años; el interés por mi obra llega, la verdad, un poco tarde»
Mundua
Exodo, evacuación y bombardeos israelíes masivos contra Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss