Daniel Barenboim pianojolea etorri zait burura egunotan. Buenos Airsen jaio zen bera Errusiatik Argentinara joandako familia judu batean. Hantxe egon zen umetan, eta gaztetan joan zen Israrelera, sortu berri zen estatura. Gurasoen ogibidea piano eskolak ematea zen Argentinan, eta horrela, txiki-txikitandik entzuten zituen pianoaren doinuak mutilak etxean. Esaten dute txikitan uste zuela mundu guztiak zuela pianoa jotzeko gaitasuna, hitz egitea edo oinez egitea bezala, berezko dohaina zuela gizakiak pianoa jotzen.
Urteekin kontzertu-jole entzutetsu bilakatu zen Barenboim. Edward W. Said pentsalari palestinarrarekin batera ekimen bitxi bat jarri zuen abian: palestinarrez eta israeldarrez osatutako orkestra egitearena, hain zuzen. Hango eta hemengo gazteak batu eta elkarrekin lanean batera jarri. Famako egin zuen ekimen horrek gizona eta hainbat sari ere jaso zituen horregatik, gehienak deklarazio hutsetan geratzen zirenak. Ez dut orain gizonaren ekimen hori zalantzan jarri nahi baina ez naiz ni horrelako ekimen erdi-mediatikoen oso zale. Egia esan, harekin alderatuz badaude Israelen bertan pena merezi duten pentsalari bakezaleak, Amos Oz idazlea salbu. Bi-biek jaso dituzte gobernu israeldarren kritikak, palestinarrekin debilegiak omen dira.
Baina egunotan, Jordanian gertatzen ari dena ikusita, Barenboimek esandako hitz batzuk hartu ditut gomutan. Elkarrizketazalea naiz oso, iruditzen zait asko erakusten duela elkarrizketa batek pertsona bati buruz, eta harribitxiak aurki daitezkela haietan. Hark halaxe esan zuen behin: «Uste dut bake-hitzarmen bat sinatzen denean hasiko direla benetan arazoak. Orduan bi herriak konturatuko dira eta elkarrekin bizi behar dutela. Horregatik, orain inportantea da itxaroten ez egotea. Ez egotea itxaroten politikariek bake hitzarmen bat sina dezaten. Eta bakoitza bere aldetik hasi lantzen pertsonen arteko kontaktuak eta konponbidea lantzen hasi, politikarien erabakien zain egon beharrean».
Hitzok borondate ona azaltzen dute eta nik neuk ere uste dut halaxe egin beharko litzatekela, zain egon beharrean abian jarri, baita geurean ere. Baina beste alde batetik inozoegiak iruditzen zaizkit hitzok. Eta Barenboimek umetan pentsatzen zuen hura etortzen zait gogora. Nola pentsatzen zuen mundu guztiak pianoa jotzen duen. Bada mundu guztiak ez daki pianoa jotzen. Gatazketan berdin. Batzuentzat, hitz egiten hastea pianoa jotzen ikastea bezain zaila da. Batez ere ikasi nahi ez dutenean. -