GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa 2006-07-16
Julen Zabalo - Soziologoa
Kanpo eta barne presioak

Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin bizi duen gatazka politikoaren konponbiderako zabaltzen ari den prozesuak zalantza, oztopo eta iluntasun asko edukiko du, eta horretaz jakitun egon arren, zalantza horiek gure adorean eragin dezakete. Horren aurrean, gure helburua ez da, halabeharrez, zalantza horiek guztiak ezabatzea, gogoeta egitera bultzatzen gaituen heinean, zalantza batek bere alde positiboak ere baditu eta, baina bai zalantzen jatorria zein den identifikatzea, positiboa den gogoeta helburu erasokorra duen presiotik bereiziz. Presio mota bat baino gehiago dago, ordea.

Kanpo presioak: Kanpo presioak etengabeak dira politikan, bai presionatua den mugimendua nahi den helburu baterantz hurbil dadin, eta bai saihestu nahi den helburu batetik urrundu dadin. Baina joera hori areagotu egiten da halako prozesuetan, eta presio horiek pentsatuagoak izan ohi dira orduan.

Kanpo presioa zuzena eta zeharkakoa izan daiteke. Lehenengo multzoan errepresioa sar dezakegu, pre- sionatzeko modu ezin eraginkorragoa, alajaina. Errepresioak funtzio bat baino gehiago bete ohi du, baina, gure kasuan, normaltasuna adierazi nahi izaten du. Hau da, Espainiari, gobernuak amore ematen ez duelako ideia zabaltzen dio; eta Ezker Abertzaleari, ahultasun egoera bat islatu nahirik, gobernuak egiten dion eskaintza lehenbailehen onartzea iradokitzen dio, gutxi izanda ere.

Zeharkako kanpo presioak helburu berberak lortu nahi ditu, baina beste bide batzuk jarraituta, borroka ideologikoa, oro har, eta bonbardaketa mediatikoa, zehatzago. Eraginkortasun handiko tresnak dira, euren helburua ez baita presionatu nahi den jendea konbentzitzea, zalantzak sortzea baizik. Kasu honetan, Ezker Abertzaleko kide batek pentsa dezake beragan eraginik ez dutela halako tresnek, azken batean berak Ezker Abertzaleko kide izaten jarraitzen baitu, baina esan dugunez, hori baino garrantzitsuagoa da zalantzak sortzea, era horretan Ezker Abertzaleko eragileek bidaltzen dioten mezua ilundurik eta mugaturik ageri dadin.

Kanpo presioak egia erdiekin eta benetako informazioen garapen oker eta desbideratuarekin jokatzen du, sinesgarritasuna irabazi nahirik. Eragile batek baino gehiagok atera dezake, gainera, probetxua, zuzenki presionatu ez arren, eta horrek zaildu egiten du presio horien aurka egitea. Errepresioan, Nafarroaren berezitasunak aipatzean, ETAk eragindako biktimen tratamenduan, eta halakoetan, interesak pilatu egiten dira, eta ez dago mezulari bakar bat.

Barne presioak: Hasiera batez arraroago jo ahal bada ere, mugimendu baten barruko iritzi desberdin eta, noizbait, kontrajarriek eragin handia edukitzen dute prozesuaren bilakaeran. Iritzi desberdin hauek guztiz legitimoak dira, noski, baina ondorioa barne tentsioak izaten dira batzuetan. Legitimoak dira, lehenengo, pentsatzeko eskubide indibiduala onartzen dugulako, baina, bigarren, mugimendu politikoa zenbat eta zabalagoa izan, iritzi sakabanaketa zabalagoa ere izango delako. Eta argi dago Ezker Abertzalea mugimendu anitz eta zabala dena.

Barne presio hauek modu kontzientean eta inkontzientean jokatzen dute. Modu kontzientea esango diogu, oraingo prozesuaren nondik-norakoarekin konforme egon ez, eta nahita, bere desadostasuna ageriko egiten duena, orain arte hartutako norabidea alda dadin. Modu inkontzientea, aldiz, ez da nahita egiten, baina aurrekoa baino sarriago erabiltzen da, eta bere eragina zabalagoa izan daiteke.

Kasu bietan, bi joera ageri dira: ezkerrekoa eta eskeptikoa, nolabait deitzearren. Lehenak etekin murritza iritzi dio lor daitekeenari, eta uste du orain arteko bidaiak ez duela merezi eurentzat apala den halako irtenbiderik. Bigarrenak, bestalde, eta askotan kanpo presioaren eraginez, ezintzat jotzen du edozein aurrerapauso nabarmen, kontra dauden eragileak indartsuegi iruditzen zaizkio eta: Espainia, oro har, gobernua, Europa, PNVŠ Zazpi herrialdeetan garatu beharreko prozesua, Ipar Euskal Herrian lor daitekeena, Nafarroa Garaiko egoeran ezelako aurrerapausorik irudikatzea, Mendebaldeko Europako testuinguruan arlo sozialean hobekuntzarik itxarotea edo Ezker Abertzaleak helburutzat dituen hainbat gai lortzea ametsetan ibiltzea iruditzen zaio.

Barne presioa analisi zuzen baten ondorio izan daiteke, baina gehienetan informazio faltaren emaitza izaten da: ez da jakiten beste herrialdetako esperientziak nolakoak izan diren; edo ez da jakiten Ezker Abertzalearen eskakizun zehatza zein den, eta beste medioen erdi egiazko mezua sinesten da. Ezker Abertzalearen lana da, neurri handi batean, informazio hori eskaintzea, eta horretan ari da, baina kideen aldetik jarrera aktiboagoa ere eskatu behar da, barne presioaren ondorioak zapuzgarriak izan daitezke eta.

Helburuak aurrean. Gorago ere esan dugunez, argi utzi behar da presioa eragitea legitimoa dela politikaren munduan. Denok eragiten dugu arlo horretan: bakarka barne presioa egiten dugu, eta behin baino gehiagotan, kanpo presioa ere eragiten dugu. Kontua, beraz, ez da horrekin amaitzea, horren aurrean jarrera tinko bat edukitzea baizik. Baina ez gure inguruan zulatu ezineko koraza bat eraikitzeko, presio horien aurrean irizpide sendo eta logikoa edukitzeko baizik.

Eta irizpide horretan, lehentasunezko lekua bete beharko luke gure helburua zein den zehaztuta edukitzeak. Batzuetan, kanpoko presioak sortutako zalantzek estali egiten digute gure pausuen norabidea, eta helburua ez dagoen lekuan kokatzen digute. Besteetan, gure nahi pertsonalek edo jarraitu nahiko genukeen bideak barne presioa egitera eramaten gaituzte. Halako guztietan, geure buruari galdetu beharko genioke zertan ari garen, zertarako lantzen ari garen prozesu hau; zein helburu duen. Galdera horien erantzunak gure jokabidea ere argi lezake. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Los procesados inician mañana un ayuno de tres días para exigir la paralización del juicio
Euskal Herria
La dirección de EA sigue dividida sobre la reedición de la coalición con el PNV
Euskal Herria
¿Ser o no ser?, una gran decisión para el XX aniversario del partido
Jendartea
En Mutriku, la acuicultura sí tiene quien la quiera
Kultura
«Tengo 80 años; el interés por mi obra llega, la verdad, un poco tarde»
Mundua
Exodo, evacuación y bombardeos israelíes masivos contra Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss