Eskola Ibiltaria, inoiz baino parte hartzaileago
ONDARROA
Eskola Ibiltaria atzo amaitu zen, Ondarroan, eta antolatzaileak oso pozik agertu ziren aurtengo edizioarekin. GARAri egindako lehenengo balorazioan, parte hartzea inoiz baino handiagoa izan dela nabar- mendu zuten, eta azaldu zuten ibilbidea aurreko urteetan baino motzagoa izateak aukera eman duela eskolari garrantzi handiagoa emateko.Azken eguna Deban hasi zuten hainbat jolasekin. Eguerdi partean, berriz, Mutrikura abiatu ziren, eta, han, Gipuzkoako herri horretan eraikitzen ari diren kai-muturrari buruzko mahai ingurua egin zuten. Bertan, besteak beste, Hobetu Leike eta Mutriku Bizirik plataformek hartu zuten parte. Mutrikun bazkaldu ostean, Ondarroara abiatu ziren. Antolatzaileek azaldu zutenez, atzoko ibilbidean 70 pertsona izan ziren. Arratsaldean bi hitzaldi antolatu zituzten:etorkinei eta euskarari buruzkoa, eta emakumea eta arrantza aztertzen zituena. Aurtengo Eskola Ibiltariari amaiera emateko manifestazioa egin zuten Ondarroako kaleetan zehar 150 gazte inguruk, eta ostean ekitaldia egin zuten. Eskola Ibiltariaren helburuetako bat ikasturtean zehar erakusten ez diren jakintzak bereganatzeko aukera izatea da. «Eskola ez da soilik erakusten diguten bezala, alternatibak ere badaude», ohartarazi zuten antolatzaileek.
|