GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Jendartea 2006-07-16
Unzalu SALTERAIN | EHNEko Bizkaiko arduraduna
«Landa turismoaren izenean baserri inguruko hotel askotxo ireki dituzte»
Nekazaritza munduan dihardutenentzat ere uda da orain, baina beren eginbeharrek oporrak beste era batera hartzera behartzen dituzte. Baserriko lanek jarraipen handiagoa eskatzen dute eta horren eraginez, beren jarduerara moldatu behar izaten dituzte atsedena hartzeko egunak.

Nekazaritza jarduerek eskatzen duten lotura dela-eta, baserritarrek uda nola bizi duten jakin nahi izan dugu. Horretarako, Unzalu Salterain EHNEko kidearekin izan gara solasean.

­Oporrak izaten al ditu baserritarrak udan?

Bai, baserritarrok ere izaten ditugu oporrak, baina gure lanbidera egokitu behar ditugu. Uda lan askoko urtaroa da bere hiru hilabeteak kontuan hartzen baditugu. Gainera, baserri munduan ere badira oporrak hartzea zailagoa egiten duten jarduerak; adibidez, abeltzaintza edo esnearekin loturiko lana, baina nire ustez, badaude oporrak hartzeko mementoak. Hala ere, gaur egun oportzat bereziki kanpora joan behar izatea hartzen badugu, baserritarrak zailagoa du. Oporrak bereziki atseden apur bat hartzeko izan behar du eta zentzu horretan baserritarrak aldiro astebeteko edo hamabost eguneko epealditxoak har ditzake, normalean zaila izango baitu bi hilabete segidan hartzea. Bestalde, lan dinamika lasaitu dezake, betiere salbuespen batzuk ikusita, lehen aipatu bezala, jarduera batzuetan hori egitea zailagoa baita, eta are zailagoa jarduera horietan pertsona bakar bat badago.

­Beraz, baserritarraren eginbeharrak urtaro berriarekin moldatzen dira...

Bai, hori da. Neurri handi batean, nekazaritza jardueran dabilenak ezin dezake pentsatu oporrak beste jardueretan diharduenak bezala har ditzakeenik. Eta nire ustez, hortxe dago gakoa: bakoitzak bere erara moldatu behar du oporraldiak hartzeko garaian, nahiz eta baserritarraren lana lotuagoa izan oporraldiak epe luzeko moldean hartu ahal izateko. Bestalde, nekazaritza jarduera bereziki urtean zehar egiten duen eguraldiari dago lotuta eta jarduera sasoi bakoitzera egokitu behar da.

­Nola bizi duzu zuk uda? Nolakoa da nekazari baten egun arrunt bat urtaro honetan?

Nekazari bakoitzak antolaketa propioa du eta beraz, era desberdinera bizi du bakoitzak uda. Nire kasuan, oporrak urtean pare bat aldiz hartu nahi izaten ditut atseden hartzeko, hamar eguneko sasoialdietan. Uda hemen inguruan ematen dut, baina era lasaiago batean, horretarako aukera baitut: anaia nirekin batera dago etxean eta gurasoek ere asko laguntzen digute. Beraz, errazagoa dugu egun libreak hartzeko garaian.

­Beroa, giro hezea, ekaitzak,...eguraldia al da nekazarien beldur handiena udan?

Beldurra maila batean bai, baina bestetik ere badakigu gure jarduera eguraldiaren menpe dagoela. Memento honetan beldurra baino gehiago dago gure artean gogoeta: klimatologia aldatzen ari dela ikusten dugu eta horrek badauka zerikusia gaur egungo gizarte ereduarekin, planetaren berotzearekin... Ildo horretatik, eta aurrera begira, hausnarketa egin beharko litzatekeela uste dugu, besteak beste, uraren erabileran.

­Lana lurrarekin egiten duzue. Atseden hartzeko, eta lanaz ahazteko, hondartza mendia baino nahiago?

Nik neuk biak ditut gustuko, baina bietan ere gustuko ez dudana jendearen pilaketa da. Beraz, biak bai, baina jende gehiegi badago, ez bata ez bestea. Bestalde, kanpora ateratzen naizenean, nahiago izaten dut baserri inguruneetako herrixketara joan eta gehienetan baserri inguruko lekuak aukeratzen ditut. Oporrak hartzen ditudanean batez ere ahal den guztia deskantsatu nahi izaten dut, baina baita inguruak ezagutu ere eta nolabait gehiago erakartzen naute baserri inguruko guneek, hiriak ezagutzeak ere xarma izan arren.

­Jendea gerturatzen al da baserrira udan lan egitera?

Lan egitera gutxi. Hala ere, landa turismoarentzat uda partea oso garrantzitsua da beren jarduerarako, jende multzorik handiena, turismo egitera datorrena, uda partean eta udazkenean bertaratzen baita.

­Balio al du turismo horrek jendea garapen iraunkorrarekin kontzientziatzeko?

Balio beharko luke landa turismoaren jarduera bera, hitzak berak dioen moduan, praktikatuko balitz. Tamalez, ordea, azken urteotan landa turismoaren izenean baserri inguruko hotel askotxo ireki da. Guztiz garrantzizkoa da, beraz, baserri jarduera duen eta ez duen landa turismoen artean desberdintzea; lehenak aukera handiagoa ematen du jendea kontzientziatzeko eta nekazaritza ingurunea ezagutarazteko.

­Zein dira EHNEren kezka nagusiak uda honetarako?

Bereziki gure ustez nahiko une garrantzitsuan gaude hurrengo urteei begira. Sasoi honetan 2007-2013ra bitartean Europan izango diren Nekazaritza Garapenerako Plangintzak zehaztuko dituzte. Hemengo gobernuek ere irailerako beraien plangintza eman beharko lukete eta hori kontuan hartuta sakon ari gara lanean, 2013rainoko egiturazko politika bertan zehaztuko baitute. Horrekin batera egunerokotasunak ere markatzen du sindikatuaren dinamika.

­Iluna al da lehen sektorearen etorkizuna?

Egia esan, azken urteotan izan duen moldeetatik jarraitzen badu, prezio baxuekin, beherakada horiek konpentsatzen ez dituzten diru laguntzekin eta eredu intentsiboan ekoitzi beharrarekin, etorkizuna oso iluna da. Hala ere, horri buelta eman eta hurrengo 10 urteetarako plangintza bat egingo balitz, eta ez Europatik kudeatua bakarrik baizik eta baita bertatik apustu garbiak eginez ere, etorkizun hori argiagoa izango litzateke. Ilunagoa edo argiagoa izango da, aurrerantzean egiten denaren arabera. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Euskal Herria
Los procesados inician mañana un ayuno de tres días para exigir la paralización del juicio
Euskal Herria
La dirección de EA sigue dividida sobre la reedición de la coalición con el PNV
Euskal Herria
¿Ser o no ser?, una gran decisión para el XX aniversario del partido
Jendartea
En Mutriku, la acuicultura sí tiene quien la quiera
Kultura
«Tengo 80 años; el interés por mi obra llega, la verdad, un poco tarde»
Mundua
Exodo, evacuación y bombardeos israelíes masivos contra Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss