- Harri-jasotzea
Izeta II.a hasieratik bukaerara nagusitu da Alegiako Torneoan
·Aimar Irigoienek ere lan bikaina egin zuen, eta bigarren amaitu zuen
ALEGIA
Izeta II.a hasieratik bukaerara nagusitu zen atzo Alegian jokatu zen lehenengo Txintxarri Torneoan. Irigoienen izena izan zen aipatzeko beste bat. 20 urteko errezildar gazte horrek sekulako lana egin zuen, eta bigarren amaitu zuen, Joseba Ostolatza mendean hartuta.Bero latza egin zuen Alegian, Larraitz plazan, gainerako lekuetan bezalaxe. 400 ikusle inguru batu ziren Torneoa zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Kirolari bakoitzak zilindro berria, kubikoa eta bola erabili zituen, eta bakoitzarekin hiru minutu izan zituen lanerako. Harriak 125 kilokoak ziren. Izeta II.ari egokitu zitzaion lanean hastea, eta aiarrak 34 aldiz jaso zuen bizkarraren gainera zilindroa. Haren atzetik plazaratu zen Ostolatza, eta zestoarrak jasoaldi bat gutxiago eman zion; hortxe hasi zen Izetaren garaipena bideratzen. Hirugarren lekuan plazaratu zen Izeta III.a, eta 29 jasoaldi eman zizkion. Azkena Irigoien izan zen plazaratzen, hala erabaki baitzuen zozketak, eta hark 32 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean. Izeta baino bi gutxiago eta Ostolatza baino bat gutxiago jaso zituen. Zilindroarekin lanak burututa, kubikoaren txanda etorri zen, eta horren amaieran nahikoa garbi geratu zen garaipena nora joango zen. Izeta II.ak 21 jasoaldi eman zizkion, eta 19 Ostolatzak, Irigoienek bezalaxe. Izeta III.ak, berriz, 15. Beraz, azkeneko harriarekin zerbait gertatu ezean, garaipena Aiara joango zela nahiko garbi geratu zen. Bigarren posturako, ordea, ez zegoen ezer erabakita, Ostolatzak jasoaldi bakarra kentzen baitzion Aimar Irigoieni. Azkeneko harria bola zen, eta horri 20 altxaldi eman
zizkion Izeta II.ak, eta txapela segurtatu egin zuen, Ostolatzak 18 eman
baitzizkion. Orduan emozioa bigarren posturako zegoen. Aimarrek ez zuen hutsik
egin. Errezildarrak garbi utzi zuen oraindik txapel asko jantziko dituela, eta
Izeta II.ak emandako adina jasoaldi eman zizkion 125eko bolari; Ostolatza baino
bi gehiago ziren, hogei, alegia, eta horrekin batera bigarren postua segurtatu
zuen. Izeta III.ak 14 aldiz berdindu zuen harria, eta harentzat izan zen
laugarren
postua.
«Uste baino errazago irabazi dut», esanez hasi zen hizketan txapelduna. «Harri zilindroarekin oso gustura aritu naiz, hor jasoaldi bat kendu diot Ostolatzari, eta gero kubikoarekin bi, eta hor lehiaketa erabakita geratu dela uste dut», gaineratu zuen Aiako txapeldunak. AimarIrigioienen lan bikainari buruz zera esan zuen: «Aimarrek ikaragarrizko lana egin du. Gipuzkoako Txapelketan baino askoz hobeto ikusi dut. Gaurko harriak harentzat oso egokiak dira», esan zuen.
|