- Sanferminetako Binakako Torneoa
Unanue eta Patxi Ruiz, Asegarcekoan txapeldun
·Añorgako aurrelariak ondo aprobetxatu zuen Lizarrakoaren nagusitasuna
UNANUE - PATXI RUIZ 22 OLAIZOLA I - BELOKI
14
Pilotakadak: 546. Iraupena: 71. Markagailua: 2-0, 6-1,
7-3, 10-4, 11-5, 12-6, 14-9, 18-11, 20-12, 22-14. Sakez: Bat ere ez Unanuek eta
hiru Asier Olaizolak.
Unai ARTETXE DONOSTIA
Mikel Unanue bere bigarren gaztaroa bizitzen ari da. Hala ikusi da sanferminetako ferian, Añorgako aurrelari beteranoa, besteren artean, Olaizola II.a eta Olaizola I.a aurrelariei irabazteko gai izan baita. Azkenean, Patxi Ruizekin batera Asegarcek antolatutako binakakoan garaipena eskuratu du. Pilotari gipuzkoarrak oraindik ere goian egoteko maila baduela erakutsi du sanferminetan. Aurrean bera baino askoz aurrelari gazteagoak izan dituen arren, tartean Buruz Buruko azpitxapelduna,kantxan ez da adin diferentziarik antzeman. 38 urterekin, Unanuek pilotarekin gozatzen duela agerian utzi du. Ausardiarik ez zaio falta izan errematatzera sartzeko orduan, eta horrek, Patxi Ruizen mailako pilotari bat atzean izanda, hogeita bira iristeko aukerak nabarmen igotzen ditu. Ostiral gauean ere hala izan zen. Añorgakoa eta Lizarrakoa oso ondo moldatu ziren, txapelketa osoan bezala, eta arazo handiegirik barik lortu zuten garaipena, Olaizola I.a eta Beloki hamalau tantotan utzita. Patxi Ruizek pilotakada latzak eman zituen, eta Ruben Belokiri erabat nagusitu zitzaion, partida hasieratik amaierara arte. Lizarrakoak neurketa biribila jokatu zuen. Ez zuen ia pilotarik galdu, kantxan bikain kokatu zen eta bere aurrelariari dena alde utzi zion. Horrelakoetan, Unanuek ez du barkatzen. Gipuzkoarrak tanto ugari lortu zituen, gehienak airez, eta Asier Olaizola guztiz erotu zuen. Goizuetarrak ez zion aurre egiten asmatu, eta garaipena gorrientzat izan zen.
|