Mikel Aramendi
Saria
Baten bat ez da oso zuhur ibili izena asmatzerakoan,
edota propaganda lanetarako behar adinako beta eta arretarik hartu ezinik dabil
Israel, gerraren zurrunbiloan. Nolanahi ere, begien bistakoa da iraganeko
hainbat operaziotan (Udako Euriteak, Penitentzia Egunak, Ortzadarra, Hiraren
Mahatsak, Egurrezko Hanka,Š poema liburu baten izenburu ere baziruditenak) ez
bezala, pasa den asteazkenean israeldarrek Libanoren aurka hasitako gerrak
western merke batetik hartua dirudien izena daramala: Just Reward. Sari Zuzena,
edo merezia. Agian, prosaikotasun gardenegi horrexegatik nahiago izan dute
korifeoek izen hori gehiegi ez haizatzea: merezitako ordain-sarien logika
politikotik Israelen aldeko konklusioak ateratzea oso zaila baita.
Noski, gerra kontuetan izenak zerikusi gutxi izaten du
izanarekin. Eraso horrek, adibidez, izen zuzen eta argi samarra edukitzekotan,
«Goazen, amildegia zain daukagu eta!», edo antzeko zerbait deitu beharko luke.
Israelek (Olmert eta bere partidua Aurrera deritzona, kasualitatez
ote? ez baitaude bakarrik mozkorraldi horretan) amildegirako bidean ematen
duen urrats erraldoia delako Hiraren Mahatsak operazioaren hamargarren
urteurrena «ospatzera» datorren eraso hau. Gazako palestinarren aurkako
basatikeria probokatzaileek, herrialde arabiarretako gobernuak ez baina Hezbola
bai mugiarazi dutela. Mugimendu honek, duela 25 urte Libanon kokaturiko PAErena
baino arrisku latzagoa suposatzen du Israelentzat, batez ere “Jane’s”
aldizkariak bere misileriari buruz egindako kalkuluen erdia bederen egia balitz.
Aizto hori saihetsean duen bitartean, siriarrak Libanotik ateratzea edo
Zisjordaniako harresia alferrikakoak dira Israelentzat. Eta denborak, orain,
Israelen aurka jokatzen du. Urrutiago (baina ez urrutiegi) Iran, pausoz pauso,
arma nuklearretara hurbiltzen ari delako, aitaponteko estatubatuarra Irak eta
Afganistango hiltegietan katigatuta dagoen bitartean. Eta gainera, tentsioaren
eragin zuzenena, petrolioaren garestitzea, irabazpide du beti Iranek, dirua ez
ezik presio ahalmen ikusgarria ematen diolako. Baina hori ere huskeria izan
daiteke Egipton Mubarak desagertzean hasi daitekeenaren aldeanŠ Amildegian
bederen irtenbideren bat aurkeztuko zaiela pentsa dezakete estratega
israeldarrek. Merezitako Saria aurki dezaketela pentsa dezakegu besteok.
-
|