ELIZONDO
Imajinazioa bota behar omen zaio Baztandarren Biltzarreko karroza desfilea irabazteko, eta atzo, nonbait, Elizondoko falfarak, haize eta baldarrak taldeak asmatu zuen ondoen. Baztango armarriaren kondaira antzeztu zuen. Antxo VII. errege zela mairuen aurka egindako borroketan baztandarrek erakutsitako adorearen ordainetan jaso zuten armarria, eta baztandar haien indarra eta kemena oroitarazi nahi izan zituzten.Bigarren saria ere Elizondon geratu zen. Beti Zurrutak taldeak 1913ko ekainaren 2an Elizondon izandako uholdeak ekarri zituzten gogora; orduan inoiz ez bezalako txikizioak izan ziren Baztango herri horretan, eta huraxe bera gogorarazi nahi izan zuten.
Erratzuko taldeak etxeratu zuen, berriz, hirugarren saria. Izpegiko bentak ekarri zituzten gogora. Bertan batzen zen jende mordoa eta polizia kontrolak irudikatu nahi izan zituzten.
Orotara, hogeita bat taldek parte hartu zuten; bailara osatzen duten herri bakoitzeko talde bana, Elizondokoek izan ezik, bertako herritarrek bost karroza prestatu baitzituzten. Horiez gain, bailarako herri ekimenak eta errugbi taldeek ere parte hartu zuten, karroza banarekin. Bakoitzak antzeztutako pasadizoek eta une historikoek bi ordu pasatxo iraun zuen desfilea osatu zuten.
Aurtengoan desfilea zabaltzen duten Baztango eta Nafarroako banderak eta ikurrina Baztango bailara osatzen duten hamabost herrietako alkateek eraman zituzten txandaka.
Hutsik egin gabe
Urtero legez, kanpotik makina bat pertsona bertaratu zen Elizondora Baztan bailarako herritarrek biltzarrerako atondutako karrozak ikustera, badira urtez urte hutsik egiten ez dutenak. Karrozen desfilea eguneko ekitaldi nagusia bada ere, Elizondora bertaratu zirenek makina bat ikuskizun zuten aukeran. Esaterako, goizean goiz zabaldu zuten artisauen erakusketa edota arratsalde partean haurrei zuzenduta jarri zituzten puzgarriak.Desfilea amaituta, Mutil Dantza egin zuten Foru Plazan, eta ondoren urdailari eta zintzurrari poza emateko ordua iritsi zen. 1.800 lagun inguru batu ziren merkatu zelaian bazkaltzen, eta ondoren bertsolariak, Larraindantza... bazkalostean ere ez zen aspertzeko betarik izan.
Ilunabarrean, eguzkiak atsedenaldia eman zuenean, jaiak aurrera egin zuen. Dantzarako gogoarekin geratu zirenek Laiotz taldearen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten, eta dantzarako gogorik ez zuenak herriko giroa zuen aukeran. Etxerako bidea hartzea zailtxo zen atzoko horretan, hori zioten behintzat bertakoek.