GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Euskal Herria 2006-07-17
«Perturren» lagunek haren desagertzea argitzeko ozen eskatzen jarraitzen dute
Donostiako Pasealeku Berrian, Oteizaren eskulturaren alboan, mila bat lagun elkartu ziren atzo eguerdian Eduardo Moreno Bergaretxe «Pertur» duela 30 urte desagertu zela gogorarazi eta salatzeko. Ekitaldian ETA(pm)-n militantzia kide izan zituenak ez ziren falta izan, batik bat haren ibilbide eta ekarpenak zein irudia bera gogorarazteko. Adiskideek bideratu idatzian haren senideen «adorea» goratu eta «desagertze bortxatua» argi dadila eskatu zuten ozen.

DONOSTIA

Txistularien zein Xabier Euzkitze eta Sebastian Lizasoren bertsoekin abiatu zuten ekitaldia, eta, horren ostean, euskaraz, gaztelaniaz zein frantsesez idatzitako haren adiskideen eskutitza irakurri zuten. Hala gogorarazi zuten jendaurrean 1976a urte «gorabeheratsua» izan zela, Francoren heriotzaren ostean argi planteatuta baitzegoen «beste era bateko errejimen politiko batera aldatu beharra».

Adiskideen esanetan, orduan berentzat hauek ziren ardura nagusiak: «Ea zein alternatiba aurkeztu, frankismoa gainditzea eta herri honentzako askatasun errejimen bat lortzea ekarriko zuen egoera berri bat nola sortu ikustea». 1976ko uztailaren 23an, Pertur Donibane Lohizunen bizi zen. Etxetik irten eta hitzordua emana zuen lekuren baterantz abiatzean ere kezka haiek buruan izango zituela uste dute. «Baina, egun hartan norbait atera zitzaion bidera, eta eskuartean zebilkiena eteteko ardura hartu zuen».

«Desagertze bortxatua»

25 urte zituen donostiarrak desagertu zenean. Ezker abertzaletik aurkeztu zen lehenengo alternatiba demokratikoaren aitzindari eta erredaktatzailea izan zen, eta, aldi berean, prozesu hari aurre egiteko behar ziren antolamendu aldaketak bultzatzen ari zen.

«Ez dugu inolako zalantzarik desagertze bortxatua zela esatean», diote adiskideek idatzian. Alegia, beren aburuz, deskribatutako «garai nahasi» haietako egoera politikoen testuinguruan desagertu zen, eta egoera horien biktima da Pertur; «hura desagerrarazteko erabakia ez baitzen asmo jakinik gabe hartu». Horregatik, atzo Donostian irakurritako eskutitzean gogorarazi zuten azken 30 urteotan «isiltasun aski esanguratsuak» ezagutu dituztela gai horri buruz, eta, beren esanetan, aztarna guztien arabera, haren desagertzearen erantzukizuna dutenek eta egin zutenek arrazoi sendoak dituzte haren akabera ez argitzeko: «Garbi ikusten dugu urte hauetan guztietan interes handiagoa izan dela gertaera horri etekin politikoa ateratzeko, gertaera bera argitzeko baino».

Aipatu zuten, gainera, Pertur desagertu zenean Estatu frantsesean errefuxiatuta bizi zela, eta, horrenbestez, bi estatuek dutela obligazioa desagertze hura argitzeko egin behar den guztia aurrera eramateko.

Donostiarraren adiskideek, baina, haren senideei eskaini zieten eskerrik zein aitorpenik oparoena atzo, batik bat «hain egoera dramatikoa onez eramateko izan duten adore eta duintasunagatik». Gogorarazi zuten familiak Eduardoren «akabera ezagutu eta haren gorpuzkinak non dauden jakiteko» duten gogoa bezala lur emateko eskubide osoa dutela. Hala, haiek ere protagonista egin zituzten.

Ohorezko aurreskua ez ezik, ekitaldian bildutakoek loreak itsasora bota zituzten Perturren omenez, eta Mikel Laboaren «Txoriak Txori» kanta ere abestu zuten. Hitzorduan «Independentzia eta sozialismoa» zioten pegatina asko ere izan ziren, lelo horren alboan euskal militantearen argazkiarekin.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Mundua
Nasralah afirma que Hizbula continuará con la resistencia y que «sorprenderá» a Israel
Jendartea
Itsasoan lehen, kaian orain
Jendartea
El TAV no es bienvenido en Urbina
Jendartea
Elizondo garaile Baztandarren Biltzarreko desfilean
Kirolak
Arazoak arazo, Oriok TKE denboraldiko aurreneko garaipena eskuratu du
Mundua
La artillería israelí está arrasando literalmente el sur de Líbano
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss