Ia egunero jasotzen ditugu Madrilgo Auzitegi Nazionaleko irudiak. Irudi «tratatuak» dira, baraiek hautatzen dituztenak, kalabozoetan, epaileen aurrean eta epaiketetan gertatzen direnak ez baitira inon ere agertzen. Jateko eman nahi digutena jaten ahal dugu bakarrik. Ezkutuan gelditzen dira torturak, mehatxuak, preso politikoek eta beren senideek jasaten dutenaŠ
Orain, eta beti ere estrategia mediatikoen zerbitzura, etakideen irudi manipulatua zabaltzeko agindua jaso dute komu- nikabideek, eta begi-bistan da nola bete duten! Terrorista odoltzale itxura komeni zaie orain eta, faltsua izan arren, horixe hedatzen dute lau haizetara. Preso batek bere protesta adierazten badu, indarkeria da. Indarkeria eskuak lotuta eta poliziakideek inguratuta dagoen pertsona batek egiten duena? Beldur dira magistratuak? Zeren beldur? Historiaren beldur, akaso, zorrozki epaituak izanen direlako, eskubideen urraketan busti diren guztiei gertatzen zaien bezala. Beren aurrekari izan ziren Tribunal Especial para la Represión de la Masonería y el Comunismo eta Tribunal de Orden Públicoko epaileei gertatu bezala. Baina, presoen beldur?
Gorrotoaren aldarrikapen ozenak aditu dira Auzitegi Nazionalean, baina ez dira euskal presoen ahoetatik atera. Beste batzuk izan dira heriotza desiratu eta hil arteko zigorra goraipatu dutenak. Mendeku deialdiak aditu dira behin eta berriro, inolako neurririk gabe, gorroto gordinenak airean utziz. Areago, Gobernuan dagoen Lopez Aguilarrek astakeria handiak esan ditu, bide beretik etorri direnak. Argi dago: gorrotoaren mezua, gorrotoaren estrategia. GAL talde kriminala antolatu zuen alderdiaren izenean indarkeriaz hitz egitea gogorra baldin bada, kartzela zigorrak osorik betetzea aipatzeak lotsa ezagutzen ez duten politikarien zitalkeriaren berri ematen digu.
Gorrotoaren bestaldean, zorionez, ezker abertzalearen borondate politikoa aurkitzen dugu. Horrek ekarri du agertoki berria, eta horregatik konponbidearen itxaropenak Lopez Aguilarren ergelkeriak baino oinarri sendoagoak ditu. Dena den, desoreka nabarmen hau oso kezkagarria da, alde baten nahia ez baita aski konponketa lortzeko.
Zapateroren Gobernuak argitu beharko du gorrotoaren bidea ala konponketarena hartu nahi ote duen. Nonbait, Lopez Aguilarrek bere erabakia hartu du jadanik. -