Emakumezkoen ontzi bat bultzatuko du Ahotsak taldeak
·Santurtzi, Portugalete, Algorta, Zierbena eta Plentziako nesken ahalegina lagunduko du
DONOSTIA
Ahotsak plataforma Euskal Herriko sindikatu eta alderdi politiko guztietan eskuin espainolean eta frantsesean izan ezik karguak dauzkaten emakumeek osatzen dute, eta kirol arloan lanean gogor ari diren emakumezkoen ahaleginarekin bat egin nahi izan du. Hala, Santurtziko, Portugaleteko, Algortako, Zierbenako eta Plentziako neska batzuek trainerua ateratzeko izan duten ekimena babestean adostu dira.Proiektuaren berri atzo eman zuten Ahotsak taldeko kideek eta arraunlariek Zierbenako portuan. «Traineru hori sortzean erakutsi duten filosofiak bat egiten du gurearekin. Hau da, emakumeok batzen gaituenetik egin dugu dokumentu hori. Guk arlo politikoan irtenbide bat bilatzeko asmoarekin dokumentu bat egin genuen, eta beraiek gauza bera egin dute, baina kirol arloan. Alegia, hainbat emakume batu dira, guztiak talde ezberdinetakoak, baina helburu batekin: ontzi bat ateratzea, aukera berdinekin estropada ezberdinetan parte hartu ahal izateko», azaldu zuen Jone Goirizelaiak, Ahotsak taldeko partaideak. Santurtziko Itsasoko Ama, Portugalete, Zierbena, Algorta eta Plentziako Arkote taldeetako arraunlariak batuko dituen ontziak Ahotsak izena hartuko du hemendik aurrera. «Ahotsak-ek dituen helburu eta pentsamenduekin bat egiten duen egitasmoa da, eta gehienbat emakumeok bizitza politikoan zein gizarte mailan paper bat izan behar dugula aldarrikatzen du. Hau da, subjektu aktibo izan nahi dugula honetan guztian, ez bakarrik politika munduan, baita gizartean ere, eta kirola gizartearen arloetako bat da. Horregatik babestu dugu proiektu hau, eta hori dela-eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu. Egitasmo hau ondo ateratzea nahi dugu, eta laguntza emateko prest gaude», gaineratu zuen Goirizelaiak. Ahotsak ontzia hamabost bat arraunlarik osatuko dute, eta lehenengo hitzordua igandean izango dute, Lekeition. Bertan etxeko taldearen aurka lehiatuko dira, Isuntzaren kontra, hain zuzen ere, 11.30ean hasita. Ontzi biak bakarrik izango dira uretan, baina talde gehiagorekin beste estropadaren bat antolatzeko asmoa ere agertu zuten.
|