DONOSTIA
Euskal Herriko Ligako hiru jardunaldi izango dira gaur eta bihar artean. Gaur Gueñesen eta Bilboko San Inazio auzoan jokatuko dituzte saioak. Astelehenean, berriz, Muskizen izango da jardunaldia.
Gaur, 13.30ean hasita, Sondika eta Txoriherri lehiatuko dira Gueñesen. Azken horiek sailkapenean aurrera egiteko aukera paregabea izango dute, baina horretarako garaipena eskuratu beharra daukate.
Arratsaldean, 19.00etan, Bilboko San Inazio auzoan, Galdames eta Errekatxo izango dira nor baino nor. Galdamesek hemendik aurrera denak irabazi behar ditu, eta Jaizubiaren hutsegiteen zain egon, Liga irabazteko itxaropenekin jarraitu nahi baldin badu. Gaur garaipena lortzea ezinbestekoa izango da.
Hala ere, jardunaldiko saiorik erakargarriena Muskizen izango da astelehenean, 19.30ean hasita. Arboleda, Jaizubia, Galdames eta Gallarta arituko dira. Jaizubia da Ligako talderik onena, oraingoz, eta hori baieztatzeko ahalegin guztiak egingo ditu astelehenean. Galdamesek gipuzkoarrengana hurbiltzeko beste aukera bat du, baina beraien saioa irabazi eta Hondarribiakoek galdu beharra daukate.
Jaizubiak irabazten badu, berriz, bi jardunaldi geratuko zaizkie Liga amaitzeko, eta lehen baino gertuago izango dute txapela. Gipuzkoarrak lehen urtez ari dira liga honetan parte hartzen, eta sekulako denboraldia egiten ari dira, beraiek ere ez baitzuten Liga irabazterik pentsatzen, eta ia-ia lortu egin dute amets hori.
Asteburu honetan Etxarrin ere izatekoa zen saio bat, baina jardunaldi hori bertan behera geratu da.