- Sega
Bizkaitar bat eta hiru gipuzkoar lehiatuko dira Euskal Herriko finalean
·Lapazaran, Aranalde, Goikoetxea eta Gabirondo neurtuko dira bihar Otxandion
DONOSTIA
Euskal Herriko segalarien finala jokatuko dute bihar Otxandion, Olaeta auzoan 12.00etatik aurrera. Bertan honako hauek izango dira lehian: Lapazaran, Aranalde, Goikoetxea eta Gabirondo. Segalari bakoitzak ordubete izango du lanerako, eta kilorik gehien mozten duen segalariak eramango du txapela.
Jon Lapazaran: Aditu gehienen ustez, bera da irabazteko hautagai nagusia. Hala ere, berak ez du uste horrela denik, eta finala estua izango dela iragarri du.
Mikel Aranalde: Gazteluarrak badaki zer den Euskal Herrikoa irabaztea. Biharko finalean diren lauretatik bera da iaz aritu zen bakarra. Maila handiko segalaria da, baina nahiko etsita dabil, Gipuzkoako txapela ez lortzeak kolpe handia eman baitzion. Hala ere, kontuan hartu beharrekoa da.
Joxe Gabirondo: Gaztelukoa izango da finalistarik zaharrena. Berak ere badaki zer den Euskal Herrikoa irabaztea. Hamaika urte sega utzita egon ostean, aurten itzuli da lehiaketetara, eta Gipuzkoako txapela lortu du. Horrekin finalera helburu nagusia beteta doala dio. Eskarmentu handia dauka, eta kontuan hartu beharko da.
Andoni Goikoetxea: Beste gazteluar hau behetik gora doan segalaria da. Arraunean aritu zen udaberrira bitarte, eta segako entrenamendu falta nabaritu zuen Gipuzkoako Txapelketan. Behin mailari tamaina hartuta, ongi ari da, eta bihar txapela janzteko prest agertuko da.
Biharko finalari begira jarrita, bada oso datu esanguratsu bat, izan ere, lehian bizkaitar bat arituko baita hiru gipuzkoarren aurka, eta hirurak, gainera, herri berekoak dira, Gaztelukoak. Ez da meritu makala horrelako herri txiki batentzat.
Bestetik, iazko denboraldiari begira jarrita, orduko finalarekin alderatuta, asko aldatuko da, izan ere, iazko lau finalistetatik, aurten bakarra izango baita finalean, Aranalde. Goikoetxeak ez zuen finalean izateko txartelik lortu, eta Lapazaran eta Gabirondo, berriz, ez ziren lehiatu.
Iaz, Juan Manuel Erasunek eraman zuen txapela, eta Bixente Mitxelena izan zen bigarren. Bi horiek eta finalean izan zen bestea, Ormaetxea, aurten ez dira lehian ari.
Belarrari dagokionez, kezka dezente dago. Hasieran Mañarian zen izatekoa, baina belar nahikoa ez zegoela-eta, Otxandiora pasatu dute, baina hor ere ez dirudi oso ona dagoenik. Izan ere, uda, iaz bezalaxe, ez baita oso ona izan orain arte belar asko izateko. Hala ere, segalariek garbi utzi dute, denentzat berdin jartzen bada, ez da arazorik izango, eta badirudi, alde horretaik behintzat ez dutela arazorik izango, antolatzaileak ahalegin guztiak ari baitira egiten.
|