Hegoaldea eta Iparraldea banatzen diren eremuan, Txingudiko hezegune baliotsua topa dezakegu. Bertan, Europa iparraldetik eta erdialdetik Afrikako uda beroagoetara migratzen duten hegaztiek toki aproposa topatu dute urtero geldialdi luze-laburrak egiteko. Bertan seguru sentitzen dira, elikagai ugari baitute. Landareek ornogabeak elikatzen dituzte, eta ornodunak ornogabeak jaten dituzte; elikadura katea berriro ere bete egiten da.Arrazoirik ere badago toki hori berezia izateko. Muga naturalak dituzte hegaztiek, ekialdean Pirinioak eta mendebaldean Kantauri itsasoa. Hori dela-eta, Baztanen jaiotzen den Bidasoa ibaiaren amaieran duten padura oasi antzera erabil dezakete, atseden hartu eta indarberritzeko.
Txingudiko badia azpizona ezberdinetan bana daiteke, hala nola, Oxinbiribil, Jaizubia edota Plaiaundi parke ekologikoa. Azken biak toki ezin hobeak dira hegaztiak begiratu eta aztertzeko, eta bertan lertxunak, beltxargak edo Martin arrantzaleak ikus ditzakegu. Zona desberdinek babes maila desberdinak dituzte, eta Bidasoako irlek, adibidez, babes integrala jaso dute, eta Kosta izenez ezagutzen den zona laborantzarako babesa.
Parkea Txingudiko baliabide naturalen babesa bultzatzen duen Plan Bereziaren barruan dago. Ingurua birsortzea, mantentzea eta babestea dute helburutzat. Jaizubiko eremuak oso perspektiba interesgarriak ditu kontserbazioaren aldetik, batez ere Bidasoako araztegia jarri zutenetik. 70,4 hektarea babestu dira, eta horietatik 38,1 babes berezikoak dira eta gainerakoak nekazaritza babesekoak.
2001. urtean errestaurazio plana martxan jarri zuten, eta padura eta hezegune galduak berreskuratu zituzten. Horrez gain, ibilbide antzeko bat prestatu dute, eta behatoki panoramiko bat eraiki dute antzinako bunker zahar baten gainean. Bertatik, parkeko hegaztiak behatzeko aukera paregabea eskaintzen digute. Txoriak kontrolatuta edukitzeko anillazioak eta behaketak egiten dituzte parkeko adituek.
Ibaiak eta itsasoak topo egiten duten toki horretan padura aberatsak ikus daitezke. Gaur egun zoritxarreko urbanismoak, garraiobideak hedatzeak eta giza garapenek sortutako beste hainbeste arazorengatik, mehatxatuta dago bertako bioaniztasuna. Une honetako erronka horixe bera da, atzera buelta egitea eta berriro ere zona hori garai batean izan zenaren arrastoa izatera itzultzea. Bi helburu bete nahi ditu parkeak; padura berreskuratu eta erabilera publikoarekin bateragarri egin.
Hala ere, Irun eta Hondarribiko udalek ardura desberdinak hartzea erabaki dute. Hasieran ez zuten proiektu horren berri izan nahi, baina, azkenean, eta jendearen erantzuna ikusita, parte hartzea erabaki zuten. Posible zen beren intereserako ona izatea eta era berean naturarentzat ona izatea. Irun eta Hondarribiko udalek, 1994. eta 2001. urteetan atxikiak, ardura hartzea erabaki zuten. Hala ere, parkeko begiraleen ustez, gehiago egin behar lukete. Aspaldian eraikitako kirol azpiegiturek han jarraitzen dute, Plaiaundiko bi aintzira nagusien artean.
Bertan, noizean behin kirol topaketak antolatzen dituzte, eta aintzirako bizitzan eragin kaltegarriak dituzte; zaratak, foku erraldoien argiak... hegaztiak uxatu edo behintzat gogaitu egiten dituzte.
10 urte daramatza Udalak zerbait egingo duela esaten, baina gaur egun oraindik bertan ikus daitezke errugbi zelaia eta atletismoko pista. Bertara heltzeko, aintzira bitan banatzen duen bidea dago. Etorkizuneko planen artean dago aintzira handi bat sortzea, erdibiderik gabe.
Parkean zeregin ugari
Irun erdialderaino trenak aise iristen dira, bai Renfe eta bai Euskotren ere. Kotxez bertaraino joanez gero, Donostiatik 18 kilometrora dago Plaiaundiko parkea, aireportutik gertu, N-1 errepidetik edo eta A-8 autopistatik barrena.
Interpretazio zentroa 10.00etan irekitzen dute 13.00ak arte, eta arratsaldez 16.00etatik 18.30era. Neguan arratsaldez ordu erdi lehenago zabaltzen dute, eta ordu erdi lehengo itxi. Astelehenetan itxita dago urte osoan; hala ere, parkea ezagutzeko ordutegirik ez dago. Komenigarria da egunez joatea bertako animaliak ondo ikusi ahal izateko.
Zentroak hainbat ekintza proposatzen dizkie bisitariei, hezeguneko bizitzarekin lotuak, ikasteko eta aldi berean ondo pasatzeko. Bisita gidatuak, ikus-entzunezko aktibitateak... interpretazio zentrorako sarrera dohainik da, gainerako guztia bezala. Bertan lan egiten duen jendeak oso adeitsu hartzen ditu bisitariak, eta erakusgai dutena argi azalduta dago paneletan edota beirazko arasetan dauden kartel txikietan.
DONOSTIA