Bi tortura kasutan epaileek izaniko jarrera salatu du TATek
Aste honetan bertan bi euskal herritar epaitegian izan dira bere garaian eginiko tortura salaketak berresteko. Agerraldiotan epaileek jarrera desegokia izan dutela salatu du TAT-ek, eta honakoa gaineratu: «Sistema oso batek babesten du tortura. Inkomunikazioaz gain, Auzitegi Nazionala dago, fiskalak, auzitegiko medikuak, instrukzio epaileak...».
DONOSTIA
Tratu txarrak eta tortura desagertzeko gakoa inkomunikazioa desagertzea dela uste du Torturaren Aurkako Taldeak, baina praktika horren inguruan beste hainbat elementu daudela gogorarazi nahi izan du. «Sistema oso bat da», adierazi zion atzo GARAri antolakunde horrek, bezperan Amnesty Internationalek inkomunikazio erregimena desagerrarazteko Justizia ministro espainolari egindako eskaeraren gainean galdetuta. Aste honetan izandako bi gertaera jarri zituen adibidetzat.
«Asteartean, Sandra Barrenetxea Bilboko Epaitegian izan zen. Tortura salaketa berrestera deitu zuten. Bada, epailea ez zen azaldu ere egin; idazkariak hartu zion testigantza. Horrek erakusten du zein den epaile horren interesa», zehaztu zuen.
Bigarren kasua Igor Astibia presoarena da. 2004an atxilotu zuten eta torturak jasan zituela salatu zuen. «Hasieran, epaileak uko egin zion deklarazioa hartzeari; baina, helegite bat tarteko, behartu egin dute. Aste honetan eraman dute salaketa berrestera, baina eskuburdinak jarrita eta bi guardia zibil aurrean zirela. Hura ez zela tratu duina argudiatuta, eskuburdinak kentzeko eskatu genuen. Epaileak, modu txarrean, ezetz esan zuen. Guk, aldiz, egoera horretan ez genuela berresterik egingo adierazi genion. Orduan, berak zera esan zion idazkariari:‘Ponga que no se ratifica en sus declaraciones’. Hori ez zela horrela erantzun genion, egoerarekin ginela kexu baizik. Azkenean, nahi zutena idatzi zuten eta guk kexa aurkeztu genuen».
|